Probintziako finaletan, bailarako lau bikote

Kronika - Erredakzioa 2019ko ots. 16a, 01:00

Bigarren fasean sartu da Eus­kal Herriko Mus Txapelketa, eta probintziako finalak jokatuko dituzte datorren larunbatean, otsailaren 23an.
Horrela, Gipuzkoako eta Na­farroako finaletan ariko dira, Urumea bailarako muslariak.  Juanito eta Iban Eskudero aita-seme goizuetarrek, Iruñan dau­kate zita, Alde Zaharreko Arra­no elkartean, goizeko 08:30etan hasita. Eta Zaldibian ariko dira, beste hiru bikoteak: Hernaniko Gari­koitz Paskual eta Joxemi Ayer­be, eta Iker Zurutuza eta Borja Tejedor; eta Ereñotzuko Joxan eta Hodei Egaña aita-se­meak. Arratsaldez jokatuko di­tuzte partidak gipuzkoarrek, 15:00etan hasita, Zaldibiako Herri Antzo­kian.
Haietakoren bat Euskal He­rriko finalera iritsiko ote?

 

Ereñotzu. Joxan eta Hodei Egaña

«Gauzak ondo dijoazenean bai, ondo moldatzen gara...»

Joxan eta Hodei Egaña aita-semeek irabazi zuten Ereñotzuko kanporaketa, «kartek lagundu» egin zietelako. Antzekoak dira musean, seguru jokatzea gustatzen zaie. «Egun desberdin bat» bizitzera joango dira Zaldibiara, datorren larunbatean.

Gabonetan jokatu zuten kanporaketa Ereñotzun, abenduaren 23an, Irrintzi tabernan. Bai­larako aurreneko kanporaketa izan zen, eta Joxan eta Hodei Egaña aita-semeak, bailarako aurreneko sailkatuak, probin­tziako finaletarako.

Beraiek nagusitu ziren, be­deratzi bikoteren artean: «hiru partida jokatu genituen, eta fi­nala erraz irabazi genuen, Pello eta Jabier Oskozen kontra, kar­ta onak etorri zitzaizkigun eta», azaldu dute. Finalean bakarrik ez, kanporaketa osoan izan zu­ten zorte ona, beraiek diotenez, eta «kar­ten laguntzarekin» lor­tu omen zuten pasea.

«Seguru jokatzea gustatzen zaigu bioi»
Askotan aritzen dira musean elkarrekin: «astean behin jo­ka­­tzen dugu, elkartean; eta ho­rre­kin nahiko. Baina txapelketarik apenas jokatzen dugu». Joan den urtean bai, jokatu zu­ten Ereñotzuko kanporaketa, baikoitzak lagun banarekin: «orduan ez ginen hain urruti iritsi, aurten hobeto atera zai­gu. Baina tokatzen den egunaren arabera da».

Jokatzeko moduan, antzekoak dira Joxan eta Hodei: «seguru jokatzea gustatzen zai­gu bioi. Eta gauzak ondo dijoazenean, ondo moldatzen gara; baina gaizki dijoazenean... el­ka­rri aguantatzea beste erremediorik ez daukagu!».

Orain, Zaldibiara, «egun ez­berdin bat pasatzeko asmoz» joango dira, baina helbururik ez diote jartzen bere buruari: «bazkaldu, eta partida batzuk jokatuko ditugu behin­tzat!».

 

Goizueta. Juanito eta Iban Eskudero

«Polita izan da elkarrekin irabaztea, gutxitan jokatu dugu bikote bezala»

Goizuetako kanporaketa irabazi zuten Juanito eta Iban Eskudero aita-semeek. «Espero baino hobeto» moldatu ziren elkarrekin: «desberdin jokatzen dugu... horregatik moldatuko ginen ondo!».

Biak etxe berekoak, Portolokoak izanda ere, gutxitan aritu dira elkarrekin musean, Juanito eta Iban Eskudero aita-semeak. Mu­se­ra­ko ohituraik ez dute falta, batak zein besteak, baina lagunekin aritzen dira gehienetan.

«Aurreneko aldietakoa» zu­ten bikote bezala, Euskal Herri­ko Mus Txapelketaren kanpora­keta, Goizuetan: «joan den ur­te­an Alain Goizueta lagunarekin aritu nintzen ni», dio Iba­nek, «eta aurten ere berarekin ari­tzekoa nintzen. Baina azkenean ezin izan zuen, eta elkarrekin apuntatu ginen aita eta biok».

Eta ederki atera zitzaien! Irabazi egin zuten elkarrekin: «aurten bikote gutxi xamar izan gara, sei bakarrik. Hala ere, ez genuen espero irabaztea, baina zortea alde izan genuen!», azal­du dute. Eta kontatu dute, finala baino gehiago kosta zitzaizkiela aurreko kanporaketak: «finalean nahiko erraz irabazi genuen. Aurreneko ustela lortu, eta bigarrena irabaztear ginela, ezustean galdu genuen ordago bat. Baina azkenekoan, karta onak etorri zitzaizkigun berriro. Finala baino, aurreko partidak izan ziren zailagoak».

«Jokatzeko modu desberdina», Juanitok eta Ibanek
Irabazterik ez zuten espero... eta elkarrekin hain ondo moldatzerik ere ez, azaldu dutenez. «Espero baino hobeto moldatu ginen. Jokatzeko mo­du desberdinak dauzkagu biok... Segu­ras­ki horregatik moldatuko ginen hain ondo!», diote. Izan ere, Jua­nito aita nahiko segurola da jokoan, eta Iban semea, be­rriz, gehiago arriskatzea gus­tatzen zaion horietakoa.

Desberdin jokatuta ere, mus jokalari trebeak direla eraku­tsita daukate biek. Juanitok ira­bazi izan du Goizuetako txapelketa, eta Ibanek, joan den urtean, Goizuetako kanporaketa ira­bazi bakarrik ez, Euskal Herrikoan oso urruti iritsi zen, Alain Goizuetarekin: Nafa­rroa­ko finala gainditu, eta Euskal Herriko 128 muslari onenen artean aritu ziren, final haundian. Bertan, ligaxkako hiru partidak irabazi, eta 32 onenen artean sartu ziren, gerora txapeldun izanen zirenen kontra galtzeko azkenean. Iazko balen­tria errepikatzerik ez du espero Iban Eskuderok, eta horretarako presiorik, behintzat, ez du sentitzen. Baina behin Nafa­rroako finalera iritsita, ahal den urrutien iritsi nahi dute: «saiatuko gara goizeko kanporaketetatik aurrera egiten, eta arratsaldekoak jokatzeko sailkatzen».

Hasierako plana, edozein kasutan, egun polita pasatzea izanen dute: «eguna pasatzera joanen gara Iruñara, eta aurrera egiten badugu, primeran. Baina bikote pila bat gara, eta zaila da», diote.

 

Hernani. Iker Zurutuza eta Borja Tejedor

«Ez dakit ba, buru askorekin jokatzen dugun!»

Bigarren izan ziren Iker Zurutuza eta Borja Tejedor, Hernanikoan: «jakinda dagoeneko sailkatuta geundela Gipuzkoako finalerako, lasai aritu ginen denak finalean, katxondeoan», kontatu dute.

Urumea bailarako ordezkari gazteenak izango dira Iker Zu­rutuza eta Borja Tejedor hernaniarrak, probintziako finaletan. Bigarren izan ziren Hernaniko kanporaketan, Txintxua hotelean, eta beteranoen kontra gal­du zuten finala: «karta onak edo be­te­rania izan ote zen? Dene­tik pixka bat. Beteraniak beti la­gun­tzen du horrelakoetan», kon­tatu dute bi gazteek.

Edozein kasutan, finalera iris­tearekin pozik dagoeneko: «esan ziguten, finalista izanda bi bikoteak geundela sailkatuta Gipuzkoakora, eta beraz, lasai hartu genuen finala. Ordurako par­tida asko ziren jokatutakoak, eta dagoeneko nahiko ne­ka­tuta, katxondeoan jokatu ge­nu­en finala bi bikoteek, presiorik gabe», diote.
Izan ere, Gipuzkoakora sailkatzearekin «pozik» zeuden Zu­rutuza eta Tejedor: «egunpasa joango gara Zaldibiara, ondo pasatzera. Eta ea zorte pixka bat daukagun han. Partida ba­tzuk jokatu, eta karta onak to­ka­tuz gero, saiatuko gara zerbait gehi­ago egiten». Hori bai, urruti iristeko presiorik ez dau­kate, eta ez dijoaz «ezer be­rezirik egi­teko asmoarekin».

«Esaten dute aurrenekoan zortea izaten dela... Ea aurreraino iristen garen!»
Hasiberriaren zortea da, bi her­naniarrek espero dutena: «la­gu­n­artean jokatu izan dugu biok, soziedadean eta; baina bi­ko­te bezala, ia inoiz. Ez dakit ez ote den aurreneko aldia izan...», kontatu du Zurutuzak: «esaten dute aurrenekoan zortea izaten dela... Ea aurreraino iristen ga­ren, orduan!».

Gainera, herriko mus txapelketetan bai, baina horrelako txapelketa batean aurreneko aldia zuten biek: «ez zaigu gaizki atera estreinaldia. Osti­ralean bertan, kanporaketaren egunean, jakin genuen joka­tze­koa zela; eta animatu egin ginen, elkarrekin apuntatzera».

Aurretik bikote bezala ez ari­tu arren, ondo moldatu ziren biak, elkarrekin: «hiru partida jokatu genituen guztira, eta kartak tokatuta eta lasai jokatuta, ondo aritu ginen», diote. Jokatzeko modua, gutxienekoa omen... «Ez dakit ba nik, buru askorekin jokatzen dugun!», dio Zurutuzak: «Borja akaso seguruagoa da, eta niri gehiago gustatzen zait arriskatzea. Bai­na horri buruz ez genuen hitz egin, jokatzen hasi aurretik. Bakoi­tzak, nahi zuen bezala». Azken batean, «trago bat hartu, jokatu eta ondo pasatzea» zu­ten helburua, kanporaketa jo­ka­tzera animatu zirenean; «eta ondo atera zitzaigun».

 

Hernani. Garikoitz Pascual eta Joxemi Ayerbe

«Keinurik ez; begirada batekin ulertzen dugu elkar»

Bigarren aldiz irabazi dute Hernaniko kanporaketa, Garikoitz Pascualek eta Joxemi Ayerbek: «Zaldibian, ondo pasatzea izango da helburua; baina posible bada, finala irabaztera joango gara».

Ez dira hasiberriak musean, Garikoitz Pascual eta Joxemi Ayerbe; ezta bikote bezala ere: «betidanik ezagutzen dugu elkar, koadrilakoak gara, eta askotan aritu gara elkarrekin musean», diote. Hori horrela, ez da harritzekoa, bikote bezala primeran moldatzea: «ez dau­ka­gu ohiturarik keinurik egiteko, baina begirada batekin uler­tzen dugu elkar, askotan», nabarmendu dute.

Bikote ona osatzen dutela, orain bi urte ere erakutsi zuten. Izan ere, aurten bezala, Her­na­niko kanporaketa irabazi zuten orduan ere: «Aralar tabernan jokatu zen, eta irabazi egin ge­nuen. Joan den urtean ez zen kanporaketarik jokatu Herna­nin. Beraz, gure kasuan, bi aldiz jokatu, eta bietan irabazi dugu. Efektiboak bagarela esan daiteke, behintzat».

Aurtengo kanporaketan, au­rreneko partida izan zen, bera­iei gehien kosta zitzaiena: «gero karta onak tokatu zi­tzaizkigun, eta haiek agindu zu­ten, baita finalean ere». Eta azaldu dute, gustora aritu zirela finalean: «par­ti­da hori polita izan zen, bi bikoteak Gipuzkoakora sailkatuta geun­denez, umore ederrean aritu ginelako».

«Jakinda zer topatuko dugun Gipuzkoakoan, gogotsu goaz»
Gipuzkoakoan duten esperien­tzia, lagun izango dute Zaldi­bi­an: «Ibarran aritu ginen orain bi urte, eta sekulako esperien­tzia izan zen guretzat. Hura zer zen ezagutzeko balio izan zigun. Eta aurten, jakinda zer topatuko dugun, gogotsu goaz. Gaine­ra, ikusita formatua aldatuko dutela, eta lau bikoteko mul­tzotan ariko garela hasieran, gutxienez hiru partida ziurtatuta dauzkagu». Edozein kasutan, ahal duten urrutien iritsi nahi dute: «ondo pasatzea da hel­burua, baina ahal den urrutien iritsi nahi dugu, eta posible bada, finala irabaztera joango gara. Musean ez bazaizu gustatzen irabaztea...».

Eta saltsa ere jarri nahi izan du Garikoitzek: «loiolatarra da Joxemi; eta ni ere bai, izatez, baina 20 urte daramazkit Her­nanin bizitzen. Txispa jartzeko ona da hori, bi loiolatar izango garela Hernaniren ordezkari, Gipuz­koa­ko finalean!».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!