Bihar emango dio hasiera, Hernani Errotzenek, udazkeneko zikloari. Lau ekitaldi antolatu dituzte, azaroan eta abenduan, eta kontzertu batekin ekingo diote: Donosti Ereski Gregoriar Scholako abesbatzak kantatuko du, San Joan Bataiatzailea parrokian, iluntzeko 20:00etan hasita.
Abesti sorta bat eskainiko dute. Gipuzkoako azken mendeetako kodize edo kantoraletatik aukeratutakoak. Eta tartean, izango da obra berezi bat ere: Joan Manuel Larrartek, Hernaniko parrokian organista izan zenak, duela 200 urte inguru sortutako obra berreskuratuko dute. Organista bakarrik ez, lehen letretako maisu eta Agustin Pascual Iturriagak 1818an ireki zuen ikastetxeko irakasle ere izan zen Larrarte. «Eragin haundiko musikaria izan arren, ez da ezaguna hernaniarren artean. Merezimendu guztiz eta bere obrak duen garrantziagatik, berreskuratu nahi dugu», azaldu dute.