Errigoraren Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpaina martxan jartzen dela bosgarren urtea da, eta aurtengo saskiak eskatzeko epea irekita dago, gaur arte.
Nafarroako erriberako produktu ekologikoekin osatutako saskiak salduta lortzen dute dirua. Zati bat (%75) produktu horien ekoizleei bideratzen zaie, eta bestea (%25), Nafarroako gune ez euskaldun bezala sailkatutakoetan euskera sustatzera.
Laguntzeko modurik onena, beraz, saskiak eskatzea da. Aurten ere bi saski mota daude aukeran.
Batetik, beltza: oliba-olio birjina extra, ozpin ekologikoa, mahats-zuku ekologikoa, alkatxofa bihotzak, piper txorizero mamia, potxak, ardo beltz ekologikoa, esparrago txuriak, borraja ekologikoa, pikillo piper osoak, almendrak, melokotoia almibarretan eta tomate frijitua.
Bestetik, saski txuria: pikillo saltsa, pasta ekologikoa, pikillo piper osoak, alkatxofak, esparrago txuriak, ardo beltz ekologikoa, esparrago krema, piperrada, ozpin ekologikoa, arroza, teilak, ardo eta kanela pastak eta txokolatezko cookieak.
Saski bakoitzak 50 euro balio ditu, eta gaur arte eskatu daitezke, interneten www.errigora.eus webgunean, edo aurrez aurre, Hernaniren kasuan, AEKn Larramendi kalean, Langile ikastolako Laubidieta eraikinean, Lurreko Ekodendan edo Karabeleko Ekonekazaritza Etxaldean.