Hernaniko Udal Euskaltegiak 2018-19 ikasturtean ere Mintzodromoa antolatuko du; aurten azaroaren 29an izango da, ohi bezala, Euskararen Egunaren inguruan. Izena emateko epea irekita dago azaroaren 23ra arte.
Seigarren edizioa izango da. Azken txandan, esate baterako, 150 pertsona aritu ziren giro ederrean euskeraz hitz egiten mahai baten bueltan goiz eta arratsalde: euskera ikasleak, herritar euskaldunak, ikasleak... euskaldun zaharrak dinamizatzaile eta laguntzaile zituztela. Azken edizioetan, gainera, Biteri Kultur Etxeko areto nagusian bildu izan dira goxo eta eroso.
Une atsegina euskeraz
Une atsegin bat pasatzeaz gain, honako helburu hauek ditu Mintzodromoak: euskera ikasten ari direnak euskeraz hitz egitera animatzea; euskeraz jakin arren, euskeraz aritzeko aukera gutxi duenari aukera horiek ematea; euskalduna izan arren, ohituraz euskera gutxi egiten duenari motibazioa areagotzea.... Azken batean, elkarrekin euskeraz aritzea.
Aurten ere, azkeneko aldietan bezalaxe, Biteri Kultur Etxean egingo da, epelean. Bi saio egingo dira: bata goizeko 10:00etan eta bestea arratsaldeko 19:00etan. Euskera ikasten ari direnak edota ikasi bai, baina gehiegi egiten ez dutenek, aukera ederra dute praktikan jartzeko; egunerokoan euskeraz egiten bada ere animatu daitezke, «oso aberasgarria da, dakizuna ikasten ari direnekin konpartitzea» diote antolakuntzatik.
Izena emateko helbidea eta telefonoa
Izena emateko Hernaniko Udal Euskaltegiko 943 33 18 96 telefonora deitu edo euskaltegi@hernani.eus helbidera idatzi.