Udal gobernu taldea herritarrekin biltzen ari da, 2019ko udal aurrekontuen inguruko azalpenak eman eta 2020koei begira, astigartarren proposamen eta ideiak jasotzeko. Gaur, 18:30etan Estankon bilduko da Oialume eta Ergobiako bizilagunekin, eta 20:00etan lokalean, Arrobitxulo eta Urumea Berrikoekin. Bihar, berriz, kaxkokoekin, 19:00etan udaletxean.
Gobernu taldearen esanetan, «2019ko aurrekontuek herriko bizi kalitatea hobetzen dute»; hain zuzen, «gehien indartu den arloa gizarte arloa» izan delako: «hezkuntza, kirola, berdintasuna, irisgarritasuna eta hirigintza barneratzailea».
Gerakinari esker, inbertsioak
Hasierako aurkezpenean inbertsioen atala txikiagoa izan arren, aurreko bi urtetan bezala, likidazioaren ondorengo gerakin haundiari esker hazi egingo dela azaldu du gobernu taldeak. Horrela, gaur arte inbertsioen %14,23 ejekutatu bada ere, hau da, 655.353,60 euro, denera 4.604.116,91 euro daude 2018ko inbertsioetarako.
Beraz, datorren urtean gauzatuko dira Arrobitxuloko igogailua, Galtzaur kaleko asfaltatze lanak, Bidebitarte poligonoaren zati bat berritzea, Ergobia plaza berritzea, Arrobitxuloko lur-jausietarako egonkortze lanak, Anuskako irisgarritasuna hobetzea, Herri Eskolako txikienen jantokia haunditzea, Kontxa Etxeberriako Haurreskola berria eta DBHrako lurraren erosketa, «garrantzitsuenen artean».
Era berean, beste hainbat arlo ere indartuko direla azaldu du: Zarkumendegiko aldagelak berritu eta rokodromoa egingo da; Ergobia eta Putzueta asfaltatu eta landa ingurunea argiztatuko da; Arrobitxulo Herri Eskola eta kiroldegiarekin lotzeko igogailurako 2018an aurreikusitako 600.000 euroez gain, beste proiektu batzuetarako 50.000 gehiago izango dira; edota Mapa Morean jasotako proiektuetarako 60.000 euro izango dira, «generoa, irisgarritasuna eta mugikortasuna integratzeko».
Bi teknikari berri
Langile gastua %18,2 hazi da legegintzaldi hasieratik, 2.223.208,81 eurora iritsi arte, bereziki, bi teknikari berrietarako: Berdintasun, Bizikidetza eta Parte Hartzekoa bat, eta Turismo, Enplegu eta Merkataritzakoa, bestea; «estrategikoak dira». Gastu orokorra ere %19,6 igo da 2016tik udal zerbitzuak mantentzeko, eta diru-laguntzak %36, «kultura eta gizarte arloarekin EAJren konpromisoaren erakusgarri».
Proposamenak, jasota
PSE-EEren babesarekin onartu dira aurrekontuak. Honen alegazioak, «170.000 euro artekoak», eta «EH Bilduren 35.000 euro artekoak» jaso dira; «gehienak txertatu dira, beste batzuk ikerketa behar dute, eta beste batzuk oraingoz ezinezkoak dira», dio gobernu taldeak. Bestalde, «teknikarien hobekuntza proposamen guztiak kontuan hartu» direla azpimarratu du, baina, «EH Bilduk, udal gobernu taldearen lana zapuztu nahian, kontra bozkatu» zuela.