Ereñotzun denda eta taberna ustiatzeko lehiaketa publikoa martxan jarri du Auzo Udalak. Eta lehiaketan partehartzeko eskaintza aurkezteko epea azaroaren 26an, 13:00etan, amaituko da. Beraz 13 egun geratzen dira gaurtik.
Batetik, irekita dagoen Irrintzi taberna ustiatzeko lehiaketa irekita dago, kontratua abenduan bukatzen baita, eta orain lanean ari denak ez baitu jarraitzeko asmorik.
Bestetik, Ereñotzun oinarrizko produktuak salduko dituen denda jartzeko lokala eskuratu eta prestatu du Auzo Udalak, eta denda zerbitzu hori nork emango duen erabakitzeko lehiaketa dago irekita.
Oinarrizko elikagaiak saltzeko denda
Ereñotzun denda jartzeko ekimena, «Ereñotzuko eta eskualdeko landa eremuko biztanleek oinarrizko produktuak eskuratu ahal izateko iniziatiba publikoa» da, eta helburua da «auzoko bizi kalitatea gutxieneko maila batera ekartzea», Auzo Udaletik azaldu bezala. «Oinarrizko elikagai eta egunerokotasuneko beste produktu eta zerbitzuak eskuratzeko gune bat sortzea da helburua. Izan ere, Ereñotzun ez dago dendarik».
Horregatik, eta Udalak ezin duelako horrelako zerbitzurik zuzenean eman, lokala eta salmenta jarduera martxan jartzeko behar den inbertsioa egin du, eta orain, zerbitzua esleitzeko lehiaketa publikoa jarriko du martxan. Hernaniko Udaleko webgunean, ‘Kontratatzailearen profila’ atalean ikusi ahal izango da.
Esleipena egiten denetik bi urteko epea izango da denda ustiatzeko, eta bi aldeak ados egonez gero, beste bi urtez ere luzatu ahal izango da. Kanon edo alokairurik ez da ordaindu beharko, «bideragarritasuna ziurtatzeko».