Aurreko urtean baino lau herritar gehiago, 180 dira aurten, Behobia-Donostia lasterketa jendetsuan izena eman duten hernaniarrak. Bihar izango da, goizeko 09:45etan hasita. Gurpildun aulkietan doazenak abiatuko dira aurrena, patinetakoak 09:50etan, eta 10:15etan hasiko dira ateratzen, korrikalariak. Bere ordutegia izango du bakoitzak, tokatu zaion multzoaren arabera, eta 11:39etan abiatuko da azkenekoa, 19garrena.
Aurreko urteetan bezala, 20 kilometroko ibilbidea osatuko dute: Irun zeharkatu, Gaintxurizketa igo, Errenteriara jaitsi, Pasai Antxotik igaro, Mirakruzen gora Donostian sartu, eta Saguesera jaitsi eta Bulebarreko rektan bukatzeko.
Taldeko argazkia, 07:50etan Hernaniko atletismo pistan
Behobiara joan aurretik, ordea, Hernanin jarri du urteroko zita Kronikak, taldeko argazkia egiteko. Goizeko 07:50etan izango da, Hernaniko atletismo pistan, autobusa hartu aurretik.
Enara Kerejeta bigarren eta neska infantilak nagusi, Isidoro Unzueta krosean
Aurreko asteburuan ere aritu ziren korrika hernaniarrak, eta besteak beste, gaztetxoek parte hartu zuten Isidoro Unzueta krosean, igandean Zarautzen. 15 hernaniar izan ziren bertan, alebin eta infantil mailetan, eta emaitza ederrak lortu zituzten: Enara Kerejeta bigarren izan zen alebinetan, eta garaipena lortu zuten taldeka Hernaniko neskek, infantiletan.