Bihar goizean izango da, Gipuzkoako lasterketarik jendetsuena. Guztira, 30.000 korrikalari baino gehiago daude izena emanda, Behobiatik Donostiarako proba ezagunean. Eta horien artean, astigartar asko ere izango dira, 20 kilometroko ibilbidea osatuko dutenak.
Zehazki, 100 herritar dira izena eman dutenak, orain bi urte baino hiru gutxiago. 78 astigartarrek bukatu zuten lasterketa orduan, eta beste horrenbestek, 78 herritarrek baita ere, joan den urtean.
Bakoitzak ordutegi bat izango du abiatzeko, tokatu zaion multzoaren arabera. Goizeko 09:45etan aterako dira gurpildun aulkian doazenak; bost minutura patinetan doazenak, 09:50etan; eta 10:15etan, azkenik, korrikalarien aurreneko multzoa. Azkenekoa, 19garren multzoa, 11:39etan aterako da.
Aurreko urteetako ibilbide bera izango du lasterketak, aurten ere: Behobiatik abiatuta, Irun zeharkatu, Gaintxurizketa igo, Errenteriara jaitsi, herria zeharkatu, Pasai Antxotik igaro, eta Herreratik Mirakruzen gora Donostian sartu, Saguesera jaitsi eta Bulebarreko rektan bukatzeko.