Munduko Pelota Txapelketara joateko bezperan esandakoak bete dituzte Aitor Gorrotxategi eta Amaia Irazustabarrena pelotari eta palista hernaniarrek, eta Oier Gurutzealde pelotari astigartarrak; Bartzelonatik bueltan berriro ere forntoian elkartu dira, Hernaniko Tilosetakoan oraingoan, bakoitza domina banarekin!
Helburuak beteta, pozik
Aurreikuspenetan fin ibili dira Urumea bailarako hiru pelotariak. Espero bezala, Mexiko eta Frantzia izan dituzte aurkari gogorrenak. Baina aurre egin, eta agindutakoa bete dute: finaletan sartzea.
Gorrotxategiren kasuan, sartu bakarrik ez; finala irabaztea ere lortu du, eta urrearekin etxeratu da, Xabier Santxo usurbildarrarekin bikotea, eta Eneko Yoldi eta Mikel Beroiz nafarrekin taldea osatuta, 36 metroko frontoian, eskuz binaka. «Espero, ez genuen espero, baina nahi bai! Hori bilatzen genuen. Hau zen lortu nahi genuena, eta poz haundia hartu dugu. Martxoan esan ziguten jokatuko genuela, eta maiatzean hasi ginen prestatzen. Finala nahiko erraz irabazi dugula ematen du, eta erraza zela pentsa daiteke. Baina aurre egin behar izan genuen, eta oso kontentu gaude!». 10-1 eta 10-4 irabazi zuten Xala-Mendy/Iturberen kontra.
Oier Gurutzealde: «Aurten aurreneko aldiz aukera eman zaie profesionalei parte hartzeko»
Irazustabarrena ere, 30 metroko frontoian paleta argentinarrarekin eta gomazko pelotarekin jokatuta «oso gustora» bueltatu da, Maider Mendizabal anoetarrarekin bikotea osatu eta Mexikori irabazita, finalerako sailkatu ondoren. Iturrino eta Housset gailendu zitzaizkien, ordea, finalean, 15-7 eta 15-4. «Ikaragarrizko finalerdia jokatu genuen Mexikoren kontra. Ez zuen inork espero». Izan ere, ezagutzen zuten elkar, duela lau urte Mexikon bertan jokatutako mundialaz geroztik. «Ordukoan finalera iritsi, eta hauen kontra jokatu genuen. Han oso erraz irabazi ziguten, eta oraingoan, beraiek ere sorpresa hartu dute».
Gurutzealde, berriz, trinketean aritu da buruz buru. Uruguayren kontra 15-7 eta 15-4 irabazi zuen aurreneko partidua. Finalerdia eta finala, berriz, Eneko Maiz billabonatarrak jokatu zituen, eta Frantziaren kontra galdu zuen, azkenean, Baptiste Ducassouren aurrean, 15-4 eta 15-4. «Bagenekien Frantzia konplikatua izango zela. Helburua zen finalera gu pasatzea, eta hori beteta, gustora gaude».
Arantzatxoa
Egindako lanarekin eta emaitzarekin oso pozik itzulita ere, beti geratzen da, ordea, gehiago egiteko nahia.
«Behin hara joanda...», dio Gurutzealdek. «Udaran, entrenatzen ari ginela, Mundialera joatea zen helburua, baina behin han, gehiago jolastu nahi nuen. Finalerdia, Kubaren kontrakoa jokatzea espero nuen, baina Maiz oso ondo aritu da, eta ulertu nuen bera aukeratzea».
Jokatzeko aukerarik ez du falta izan Irazustabarrenak, baina bai jokoan gehiago sartzekoa. «Bukaera aldera tristeago ginen finalean gaizki aritu ginelako, hain txapelketa ona egin ondoren. Baina egun batzuk pasata, lasaiago gaude. Finalerdian oso ondo aritu ginen eta meritu haundia izan zen finalean sartzea. Gero, finalean nik ondo jokatu nuen, baina dena atzera zijoan, eta ezin izan nuen jokoan asko sartu. Maiderrek, berriz, ez zuen egun ona izan. Momentuan ez genuen hitz egin, triste geundelako, baina orain bai, eta ez dago arazorik. Horrelako egunak izaten dira!».
A. Irazustabarrena: «Bukaera aldera tristeago ginen finalean gaizki aritu ginelako, hain txapelketa ona egin ondoren»
Giroa eta maila gorenak
Txapelketan aurkitu duten mailak, gainera, ez dizkie gauzak erraztu, kasu batzuetan, modalitatean adituak direnak izan baitituzte aurkari.
Hala gertatu zaio Irazustabarrenari. «Asko hobetu dugu, baina modalitate honetan gu Mundialerako bakarrik prestatu gara». Eta finalerdietan sufritu egin zuten. «Aurreneko seta galdu egin genuen. Kosta egin zitzaigun sartzea. Gero eman genion buelta, beraiek nekatu egin zirelako eta guk hobetu egin genuelako. Gainera, aldaketa egin zuten eta on egin zigun, aprobetxatu egin genuen».
Gurutzealdek ere adituak izan ditu aurrez aurre. «Iparraldean trinketean asko jokatzen da, eta mailan nabaritu egiten da. Baina nire maila eta kidearena ere hobetu dira». Maila orokorra hobetu dela ere nabaritu du, ordea. «Aurten aurreneko aldiz aukera eman zaie profesionalei parte hartzeko».
Hain zuzen, Gorrotxategik izan du Xala, profesional izana aurkari. Joan aurretik onartu zuen ilusioa egingo liokeela haren kontra jokatzeak; are gehiago, irabazteak! «Nabaritu da maila. Iaz 36ko forntoian eta eskuz irabazi zuen Frantziak, eta aurten, modalitate guztietan. Trinketean onenak dira, zesta puntan ere bai... Frontoian ere bai, baina ez daukate hainbeste jende, eta hori gure alde izaten da. Baina Xala profesional izana da. Ezagutzen genuen elkar, eta espero genuen aurkari hauekin topo egitea. Hala ere, finalerdietan izerditu dugu gehien!».
Nabarmentzekoa, hirurentzako, giroa izan da. «Jende asko ibili da: frantsesak, Bartzelonakoak, euskaldunak... Giro ederra egon da, frontoia beti lepo!», dio Gurutzealdek. Horrek presioa sortu dezakela onartzen du Gorrotxategik, «baina gustatzen zait», dio; «gehiago kezkatzen nau lasaiegi aritzeak. Presioak onena ematera bultzatzen nau». Irazustabarrenak, berriz, finalerdietan nabaritu zuen giroa: «gehiago nabaritzen zen jendea, paretsu genbiltzalako. Finalean gu ez ginen hain ondo ari».
Dimentsio errealera buelta
Joandakoan jakinaren gainean bazeuden ere, aparteko dimentsio batean bezala pasa dituzte hirurek egun hauek, eta eguneroko errealitatera itzuli behar izan dute.
«Pelotan bakarrik ez. Lanean ere aritu behar dugu, eta igandean bueltatuta, kosta egin da astelehenean altxatzea!», dio Gurutzealdek. Irazustabarrenak izan du oporretarako tartea, baina lanerako prest dago, dagoeneko. «Hemen gure txapelketekin jarraitu behar dugu. Mazizarekin. Hurrengo urtean trinketeko munduko kopan sartzen saiatuko gara. Baina orain, lasai, hemengoarekin ariko gara», Gorrotxategik, berriz, beste zerbait darabil buruan. «Hainbeste denbora hori prestatzen, eta egun hauetan oraindik zer egin ez nekiela ibili naiz, bapatean entrenatu beharrik gabe!». Laster ohituko dela dirudi, hala ere... «Etorkizunera begira, tarte bat hartuko dut. Adin bat badaukat, duela lau hilabete familia izan dugu...».
Modu batera edo bestera, egindako lan ona izango dute denek lagungarri aurrera egiteko, hurrengo dimentsioa edozein dela ere.