Oraindik argitaratu ez bada ere, gutxi faltako du, urria bukatzerako argitaratu nahi baitu Ereñotzuko Auzo Udalak bertan denda zerbitzua ematea esleituko duen deialdi publikoa. Hernaniko Udalaren webgunean, www.hernani.eus helbidean argitaratuko da, ‘Kontratatzailearen profila atalean’.
Deialdi horrekin batera, beste bat ere argitaratuko da; dagoeneko martxan dagoen Irrintzi tabernaren kudeaketa esleitzeko lehiaketa, hain zuzen. Izan ere, gaur egun bertan ari direnek ez dute jarraituko, abendutik aurrera.
Dendan, oinarrizko produktuak
Denda jartzearen helburua da «oinarrizko elikagai eta egunerokotasuneko beste produktu eta zerbitzuak eskuratzeko gune bat sortzea». Horretarako, lokala eskuratu eta bertako jarduera martxan jartzeko behar diren inbertsioak egin ditu, eta honen ustiaketa esleitzeko deialdi publikoa aterako du, bi urterako, luzatzeko aukerarekin.
Lokalak 70m2 inguru dauzka, herrigunean dago, Hernani eta Goizuetara dijoan errepidearen ertzean, eta aparkatzeko lekua dauka. Denda martxan jartzen duenak ez du kanon edo alokairurik ordainduko, «bideragarritasuna ziurtatzeko».
Irrintzi ere, lehiaketan
Bestalde, Irrintzi tabernaren ustiapena esleitzeko ere lehiaketa publikoa irekiko da laster. Izan ere, orain bertan ari direnek ez dute kontratua berrituko abendutik aurrera.
Tabernak 50 m2 ditu, eta 40m2 inguruko terraza, eta helburua du «inguruko biztanleentzat elkargunea izatea». kafea, edariak, otorduak, pintxoak, goxokiak eta antzeko zerbitzuak ematen ditu. Era berean, bisitarientzat informazioa eskuratzeko puntua ere izan behar du.
Taberna ustiatzen duenak ere ez du kanonik ordaintzen, baina frontoiko aldagela eta komun publikoak ireki, itxi eta garbitzea eskatzen zaio.
Aurkezteko, 20 egun
Behin deialdiak argitaratuta, 20 eguneko epea izango da aurkezteko.