Betizuk protagonismo berezia, aurten Ferian

Kronika - Erredakzioa 2018ko aza. 10a, 01:00

Bi aste barru, maiatzaren 24an, izanen da Feria Eguna, Goizuetan. 15garren edizioa du azienda, artisau eta ne­ka­zal feriak, eta dagoeneko egitaraua prestatu da. Aurten ere ez da posturik faltako, ezta jatekorik eta musikarik ere. Gai­nera berrikuntzak daude eta betizuk inoiz baino protagonismo haundiagoa izanen dute. Berezia da aurtengo Feria Egu­na. Guztira 90-100 postu inguru egongo dira eta horietako asko herritarrek osatua. Baita kanpotarrek osatua ere.

Euskal Herriko betizuen portzentai haundia, gehiena ez esatearren, Goizuetan bertan dago, baita esplotazio ugari ere. Azienden erakusketaz gain, aurten, nobedade bezala, ma­ha­­ian ere egonen da Betizua. 450-500 pertsonentzako bazkari herrikoia antolatuko da, ur­te­roko legez, eta ohiko me­nu­an, babarrun jateari, gehitu behar zaio betizu gisadoa. Ondoren postrea egonen da.

Aurtengo ediziorako bertako azienden protagonismoa haunditzea izan da helburua eta ho­rrexegatik herriko azi­endek pre­sentzia gehiago izanen dute fe­ri­ko eremuan. Kan­paina be­re­zia egin da, gutun bidez eta ahoz aho, azienden esplotazioetako jabeekin hurbiltzeko feriara.

Beraien aziendak feria eremura ekartzeko eta berriz bueltan esplotazioetara eramateko, Udalak garraioa jarri eta ordainduko du.

Artilezko koltxoia forratuko dute jubilatuek
Goizeko 10:00etan hasiko da feria, urteroko ekitaldiarekin. Herriko artisauen erakus­ke­tak ere izanen dira, ordu laur­de­nero, 13:00ak arte: ataka bazterrak, sagardoa zein garagardoa, si­fo­ia, egur taila, ardien itzulia, joareak, torrijak, harri taila... Goiz osoan ari­ko di­ra tri­kitilariak ere, ka­leak alaitzen, eta ardien desfilea ez da faltako.

Jubilatu etxekoen ekitaldian aurten artilezko koltxoia urratu eta artile hori joko dute, berriz kol­txoian sartzeko. 

Giza proban desafioa
Aurtengo beste berrikuntza garrantzitsua giza proba desa­fioa izango da. Bertan lehiatuko dira Emarriko neska taldea eta Goizuetako talde mistoa. Emarri Astigarragako giza proba taldea da. 12:30etan ha­siko dute saioa Lubineko frontoi atarian eta 15 minutuko saioa izanen du talde bakoi­tzak. Goizuetako talde mistoa honakoa izanen da: Iñaki Etxeberria, Patxi Etxeberria, Mikel Huitzi, Uxue Mutuberria, Mayi Zela­rain, Ibai Zugarra­murdi, Na­roa Zugarramurdi eta Xabi Zugarramurdi.  

Emarri osatzen dute Ain­hoa Alzugarai, Eider Arco, Ene­ritz Arbelaitz, Araitz Elgeta, Maialen Garciarena, Irati Gaz­te­lumendi, Ane Oskoz eta Izas­kun Urres­ta­razu tiralariek. Eguerdiarekin, berriz, baz­ka­riaren txanda iri­tsiko da, eguerdiko 14:00etan. Amaia kafetegian erosi daitezke bertarako txar­telak. 

FERIA EGUNA - AZAR0AK 24

10:00etan hasita:  Herriko artisauen erakusketak. Orden honetan eta ordu laurdenero: ustaiak (Artan­txukoak); sagardoa (Yandenekoak); sifoia (Luixin); egur taila (Garbiñe); ardien itzulia (Olaso eta Domiña); joareak (Be­la­ko); haria (Mikela eta Anttoni); koltxoiak (Jubilatuak); gaztainak (Koro eta Mertxe); eztia (Jimenez) eta garagardoa (Iñigo). Goizean zehar, trikitilariak kaleetan.
12:30etan: Giza proba, Goizuetako talde mistoa vs Emarriko neskak.
14:00etan: Bazkaria. Babarrun jatea, betizu gisadoa eta postrea. Txartelak salgai Amaia kafetegian: 8 urtetik behe­rakoek doan, 9-16 urtekoek 10 euro, ikasle eta langabetuek 18 euro, eta langileek 21 euro.
18:30etan: Musikaldia Bixenterekin, udaletxeko orapean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!