Emakumezkoen hamar errugbi talde elkartuko dituzte gaur Hernanin, Kote Olaizola Torneoaren aurreneko edizioa jokatzeko: Hernani, Bera Bera, La Unica, Durango, Gernika, Gaztedi, La Rioja, Getxo, Eibar eta Ordizia. Goizeko 11:30etan hasiko dira partiduak, eta Landareko bi zelaietan jokatuko dira.
Torneoaren bukaeran, nola ez, hirugarren denborarekin borobilduko dute goiz osoko jardunaldia, elkartean bertan.
Errugbi inklusiboko taldeak, topaketa bihar zortzi Toledon
Beste zita berezi bat ere izango du Hernani Errugbi Elkarteak, datorren igandean, azaroaren 18an. Izan ere, topaketa izango du Toledon, errugbi inklusiboko taldeak, eguerdiko 12:00etan hasita. Toledoko Hidalgos, Valladolideko El Salvador eta Almeriako Clan taldeek ere hartuko dute parte.
Ohorezko Mailako taldea, Alcobendasen bihar
Ohorezko Mailako taldea, bere aldetik, etxetik kanpo ariko da asteburu honetan. Alcobendas izango du kontrario bihar, eguerdiko 12:00etan hasita, Las Terrazas zelaian. Partidu zaila dute trikoloreek, ligako liderra baita talde madrildarra, jokatutako zazpi partiduetatik sei irabazita. Edonola ere, bonus punturen bat behintzat ekarri nahiko dute hernaniarrek.