Haurren eta nerabeen eskubideak aldarrikatzeko, festa datorren larunbatean

Kronika - Erredakzioa 2018ko aza. 10a, 01:00

Azaroak 20a da Haur eta Ne­ra­been Eskubideen Nazioar­te­ko Eguna, eta Astigarragan ere ospatuko dute, bi zita jarri baitituzte Xaguxar aisialdi taldeak, Gaztelekuak, eta Astigarra­gako kale hezitzaileek.
Egun batzuk lehenago izan­go da aurrenekoa, ospakizun nagusia. Gaur zortzi, datorren larunbatean, festa antolatu du­te Joseba Barandiaran plazan. Arratsaldeko 16:30etan hasita, denetik izango da bertan. Bes­teak beste, artisten gisara ari­ko dira: ba­te­­tik, henna eta txapa tailerrak jarriko dituzte, haur eta nerabeak eskulanetan ari­tzeko; eta bestetik, mural bat ere egingo dute, bertan.
Gainera, merienda gara­ian, txokolate beroa jateko aukera izango dute, eta ondoren, dan­tzan jarriko dituzte denak, mu­sikari bidea eginda: dantzaldia eskainiko du KI disko jartzaileak, festa borobiltzeko.
Gainera, arratsalde osoan zehar, kutxa bat egongo da ber­tan, haur eta nerabeek beraien eskaerak utzi ditzaten.

Henna eta txapa tailerrak, murala, txokolate jatea eta KI DJaren eskutik dantzaldia izango dira, gaur zortzi.


Printzipioz, Joseba Baran­diaran plazan izango da festa, baina eguraldi txarra egingo balu, tokiz aldatuko dute, eta Txomiñene frontoian izango da orduan. Antolatzaileek jakinarazi dute, azkenik, arratsalde osoan zehar, gurasoen ardu­rapean egongo direla haurrak, festan parte hartu arren.

Udal ordezkarien bisita Gaztelekura, gaztetxoen proposamenak jasotzeko
Haur eta Nerabeen Eskubideen Nazioarteko Egunean izango da bigarren zita, azaroaren 20an ber­tan. Egun horretan, Gazte­le­kura bisita egingo dute Asti­garragako udal ordezkariek, arratsaldeko 17:00etan. Asmoa da, haur eta nerabeek egindako proposamenak jasotzea, eta konpromisoa hartzea, eskaera horiei erantzuteko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!