Urtero antolatu ohi du Oroimenaren Eguneko ekitaldia Buruntzaldeako Elkarbizi taldeak, eta aurten ere, ez du hutsik egingo. Larunbatean izango da, hilaren 10ean, indarkeriaren biktimak gogoratzeko izendatuta dagoen egunean; Andoaingo Lopez de la Calle parkean dagoen Askatasunari eskulturan egingo dute bat, eguerdiko 12:30etan.
Joan nahi duenak izena eman beharko du hilaren 15a baino lehen: ganboiturri@gmail.com.
Ikastaroa, hilaren 17an
Hilaren 17an bueltatuko dira Elkarbiziko kideak andoainera. Hernanin eta Astigarragan izan ondoren, bertan egingo baitute ikasturte honetako hurrengo ikastaroa: Langraizeko bidea, bergizarteratzetik berradiskideatzearen bila. Goizeko 11:00etan hasita izango da, Urigain etxearen areto nagusian.
Unzueta eta Urrusolo, hizlari
Gaiaren inguruko azalpenak emateko, bi gonbidatu izango dituzte: Hunberto Unzueta kazetaria, Langraiz bisean bis liburuaren egilea; eta Joseba Urrusolo, ETAko kide izan zena eta Langraizeko kartzelan preso egondakoa.
Zein izan daiteke preso hauek etorkizunari begirako elkarbizitza normalizatu bat lortzeari egin liezaioketeen ekarpena? galderaren inguruan hausnartuko dute Unzueta eta Urrusolok.
Helburu bikoitza
Elkarbizik azaldu duenez, helburu bikoitza dauka ikastaroak: «Alde batetik, indarkeriaren estrategiarekin hautsi egin duten presoen gogoeta prozesua ezagutzea. Eta, bestetik, bergizarteratze prozesuek berradiskidetze sozialari ekar diezaioketeena balioztatzea».