Ohiko etxebizitzaren alokairua ordaintzen laguntzeko diru-laguntza deialdi berria argitaratu berri du Udalak. 2018ko irailaren 1etik 2019ko abuztuaren 31ra bitarteko alokairu-gastuak lagunduko dituzte deialdi honetan.
Dagoeneko egin daitezke eskaerak, eta 2019ko urtarrilaren 7ra arte izango da aukera. Horretarako, udaletxeko Herritarren Harrera Zerbitzura jo beharko da.
Bi poltsa, adin-tarteka
Udalak deialdia egiten duen laugarren urtea da hau, eta azkeneko urteko kopurua mantendu egin dute. Hain zuzen, 164.000 euroko partida onartu du Udalak.
Aurten ere, bi poltsa izango dira: bata, 82.000 eurotakoa, 18-35 urte bitartekoentzat; eta bestea, beste hainbeste izango duena, 36 urtetik gorakoentzat.
Hainbat baldintza
Hortaz, bakoitzak dagokion poltsan egin beharko du eskaera. Betiere, hainbat baldintza bete beharko dira. Batetik, Hernanin gutxienez urtebetez erroldatuta egotea; eta bestetik, alokairu-gastuei dagokionez, hilean 650 euroko kopurua ez gainditzea.
Diru-sarrerei dagokionez, gehienezko mugak ere badaude: 25.000 euro gordin urtean bizikidetza-unitatea pertsona bakar batez osatuta baldin badago; eta 39.000 euro gordin urtean, bizikidetza-unitatea bi pertsona baino gehiagoz osatuta baldin badago. Nor–bere kontura lan egiten dutenei, gutxienez 21.000 euroko diru-sarrerak dituztela kontabilizatuko zaie.
Bi helburu, laguntzek
Udalak azaldu duenez, diru-laguntza hauek bi helburu dituzte: «gazteak, bereziki, emantzipazio-bidean laguntzea eta herrian etxebizitzen alokairua sustatzea».
Oinarriak eta informazioa, webgunean
Diru-laguntzaren oinarriak azaroaren 5eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, GAOn, argitaratu ziren, baina www.hernani.eus webgunean ere irakurgai daude.
Webgune berean daude, baita ere, eskaera egiteko orriak, baita eskaera egin ahal izateko, behar duten dokumentazioa zein den eta non lortu daitekeen azaltzen duen dokumentua ere.