Arratsaldetik gauerako plana antolatu zuen Astigarragako Gazte Asanbladak, urriaren 27an: Pala Txapelketa Mixtoa, afaria eta parranda. Horren harira, bere kexa azaldu diete bizilagun batzuek, bai Kronikaren bitartez, eta baita kalean aurrez aurre ere. Kexa horiei erantzun nahi izan diete Gazte Asanbladatik, bere desadostasuna erakusteko.
«Esan behar dugu, pala txapelketa eta ondorengo festa ederki joan zirela, eta bertan ginenak eta plana aprobetxatu zutenak, gustora geratu ginela herrian bertan giro ederra sortu zelako. Baina gure pozari arantzatxo batzuk sartu zaizkio, bizilagunen kexak egon direla ohartu garenean», azaldu dute.
Horregatik, bi arrazoi nagusi eman dituzte, bere desadostasuna azaltzeko: «batetik, tokia. Gazteok ez baldin badugu leku fisikorik, inor molestatuko ez duena gainera, gure ekintzak, edozein motatakoak, aurrera eramateko modu bakarra kalea da».
Sagardo garaia da, eman duten beste arrazoia: «nor kexatzen da sagardo denboraldian hiru hilabetez sortzen diren iskanbilez, zaborraz, errespeturik gabeko giroaz...? Izan egunez, izan gauez, eta tamalez, ez larunbatetan bakarrik. Bada, asko gara kexatzen garenok, baina ez da ezertxo ere egiten, eta ohitura hutsa bihurtu da, herrian dugun egoera data horietan. Guk, gazteok, herri osoan giroa pizteko eta gure presentzia ikusarazteko, herritar guztiei zabaldutako egun osoko plangintza osatu, urtean zehar Santio jaietaz gain lehenenengo aldiz gau batean soinua atera, eta hainbat herritar gainera bota zaizkigula argi ikusi dugu», adierazi dute Gazte Asanbladatik.
«Batzuen arabera, ‘betikora’ ohitu eta isilik eraman behar da aurrera»
Eta gaineratu dute: «gure konklusioa da, batzuen logikaren arabera, betikora (betiko hori egokia ez den arren) ohitu eta isilik aurrera eraman behar dela. Eta gazteak behingoagatik herria pixka bat berpizten saiatzean, segituan mozten saiatzea dela denontzat onena. Denok izan zarete, gara edo izango dira gazte, eta festa giroa eta denbora librean egin daitezkeen beste milaka herrian bertan aurkitzea gauza benetan zaila da, ezinezkoa dela ez esatearren. Herria berpiztu nahi dugu, eta gure herrian zereginak izan, besterik ez. Buruari buelta pare bat eman ondoren, ulertuko gaituzuela espero dugu».