«Europar Batasuneko herrialdeetako bu­ruek sagardotegian bilera bat egitea esperimentu interesgarria izango litzateke»

Kronika - Erredakzioa 2019ko urt. 19a, 01:00

Urduri eta oso emozionatuta ireki zuen Astigarragako txotx denboraldia Olatz Arrieta Barandiaran kazetariak, Gar­tzia­tegin. Europa aldetik garrantzia haundiko berriak iristen ari diren honetan jai egunak hartu dituela onartu zuen, kasu honetan, sagardoaren berri emateko.

Sagar uzta eskasagoa izan da, baina, sagardoa, aurten ere, kalitate haundikoa omen! Informazioa kontrastatzea derrigorrezkoa dela eta, aukera izan duzu, behinik behin!
Bai, eta oso goxoa dago, bide batez. Izan da ohore bat hemen egotea, eta lehe­nengo sagardoa dastatzea. Emozio asko­ko eguna izan da.

Egiari zor, ikuspuntu desberdinen berri ematea bada kazetariaren lana, baina presioak izaten dira… Gaztañaga baserrikoa izateak arintzen al du sagardoaren enbaxadore lana? 
Baserrikoa izateak beste baserrietan bizi den egoera gertuagotik ezagutzen la­gun­tzen du, ez da presioa, kontestua eza­gututa egoera hobeto ulertzen da. Sa­gardoarena nere lehenengo enbaxadore lana da; esaten dute diplomazia arte bat dela, eta ondo egitea espero dut.

Azken urteetan berrikuntzaren bideari segika ari da sagardogintza; Jatorri Deitura, sagarrondoen eta sagardoa egiteko prozesuaren kontrola, dibertsifikazioa… Sagardoa ‘ondoegi’ ezagutzen duen gizarte batean, merkaturatzen laguntzen du? 
Bai, asko laguntzen du ezagutarazteak sagardoa ez dela zerbait estatikoa, arlo batzuetan aldatzen ari dela gizartearekin batera.

Eta hemendik kanpo? Europan ere ez da falta sagardogilerik… 
Sagarra toki askotan dago, baina Europa da munduan sagardo gehien kon­tsu­mitzen duen kontinentea. Ia herrialde guz­tietan egiten dute, Frantzian Nor­man­dian, Britainia Handian, Ale­ma­nian, Belgikan. Baina edateko modua berezia da toki bakoitzean. Alemaniako toki batzuetan beste edari batzuekin nahasten dute, xinpartadun urarekin, esaterako, eta Irlandan izotza jartzen diote udan.

Tokatuko zaizu, agian, Bruselara hemengo sagardoaren berri eramatea! 
Tokatzen bazait gustora emango dut gure sagardoaren berri! Alde ekono­mikoaz gain, gure kultur ondarea ere bada eta!

«Informaziorik ez badago, oso zaila da iritzia izatea; batak bestearen beharra izaten du»

Handik bestelako berriak ekartzen ohituago zaude. Baina sagardogintzak, bezala, kazetaritzan ere ez da berrikuntzarik falta izan: telefono mugikorrak, internet, minutuetako kontakizunetatik segundo eskasekoetara… Zaildu ala erraztu egin da, kazetariaren lana? 
Oro har teknologia berriek erraztu egin dute lana, kazetaritzak berrikuntza teknologiko ugari ezagutu ditu: tele­gra­foa, telefonoa, telebista, internet... Baina mamia ez da aldatu. Aldaketa tekno­lo­gikoek aldaketa ekonomikoak ekartzen dituzte medioentzako, eta aldaketara moldatzen ez direnek oso zaila izaten dute bizirautea, eta azkartasunaren inguruan bizi dugun obsesioak batzue­tan albistearen kalitateari kalte egiten dio.

Kazetaritza ez dela desagertuko esan izan duzu, demokrazia jokoan dagoelako. Baina gero eta datu gutxiago, eta gero eta iritzi eta propaganda gehiago jasotzera ohituago gaude…
Joera hau gertatu izan da kazetaritzaren historiaren beste epe batzuetan. Joerak izaten dira, baina XX. mendearen ha­sieraz geroztik indarrean dagoen joerak, informazioa eta iritzia banatzeak, uste dut eutsi egingo diola oraindik. In­formaziorik ez badago, oso zaila da iritzia izatea; batak bestearen beharra izaten du.

Urte berriarekin muztioen irakinaldiak ekarriko duenaren esperoan gauden bezala, zer espero duzu izango dela pil-pilean Europar Batasuneko urteko agendan? 
Aurtengo agendan zita oso garran­tzi­tsu­ak ditugu, batez ere Brexita eta Europako Parlamenturako hauteskundeak maia­tze­an. Brexita nola bukatuko den ez dago argi, baina gertatzen bada, Europar Batasuneko historian mugarri izango da, lehenengo aldiz Batasuna handitu beharrean, txikitu egingo da. Europako Parlamenturako hauteskundeekin Bata­suneko zuzendaritza karguak berrituko dira eta datozen urteetako bidea mar­katuko da. Eskuin muturrak eta Euro­paren Batasunaren aurkako alderdiek duten indarra neurtzeko momentua izango da.

Txotx egitea bezain erraza den soluziorik balego…
Soluzioak askotan proposamen ausart eta imaginatiboekin lortzen omen dira. Europar Batasuneko herrialdeetako bu­ruek sagardotegian bilera bat egitea es­perimentu interesgarria izango litzateke, bileren formaltasunetik kanpo jaten eta edaten, ondo pasatzen, auskalo! Behar­bada, konponbideak errazago aurkitu daitezke.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!