Partidu historikoa izan daitekeena jokatuko du, bihar, Hernanik Landaren, 12:00etatik aurrera. Zazpigarren jardunaldian denboraldiko lehenengo derbia jokatuko du Bizkaia Gernikaren aurka. Eta garaipena eta puntuez gain, jokoan Errege Koparako finalerdia egongo da. Partidua irabazten duenak sari potolo hori edukiko du. Hernaniren kasuan, 32 urte pasa dira azken aldiz Kopako finalerdietara sartu zela eta taldearentzat haundia litzateke finalerako aurrekoan egotea.
Hala ere, urteko helburu nagusia, beste urte betez, mailari eustea da eta horretarako ere partidu oso garrantzitsua da biharkoa. Bi euskal taldeak, hurrenez hurren, hamargarren eta hamaikagarren daude kokatuak sailkapenean hamaikana punturekin. Irabazleak kolpea lortuko luke aurkari zuzen baten aurrean.
Pasa den urtean, Gernikak garaipena lortu zuen Landaren, markagailu estu batekin. Aurten Hernanik hobe hasi du denboraldia eta partidu guztiak lehiatu ditu, baina argi dute ezin dela konfidantzarik izan. Complutense Cisneros da Ligako azkena eta irabazi duen partidu bakarra Landaren lortu zuen. Hori buruan dute Polidorik zuzentzen dituen jokalariek eta beraz partida irabazten saiatuko dira burubelarri hasieratik amaiera bitarte. Saria bikoitza izango da.