Uztailean jarri zuen martxan Udal Gobernu Taldeak, terrazen ordenantzaren aldaketa, «tabernari batzuek terrazak estaltzeko nahia dutelako», EH Bilduk azaldu duenez. Eta egun hauetan, alegazioak aurkezteko 30 eguneko epe berri bat zabaldu zuten atzo, alderdiak hala eskatu baitzuen, «egoera ikusita».
Izan ere, Udal Gobernuaren jarrera salatu nahi izan du EH Bilduk: «ordenantzaren eguneraketa aprobetxatuz, EAJri eskatu genion herritarrekin biltzeko, baina ez zuen egin. Ondorioz, guk hartu genuen Udal Gobernuaren ardura hori, eta herritar eta tabernariekin bi saio antolatu genituen».
Herritarrekin egindako saioan, «bereziki Sagardo Plazako eta Joseba Barandiaran plazako bizilagunen ezinegona azaleratu zen», EH Bilduk jakinarazi duenez: «ordutegien betetze maila eskasa, zarata egun osoan zehar...». Hori bideratu nahian, «EAJk onartu ez dituen bi proposamen» egin zituen EH Bilduk: batetik, uda izendatu duten epealdia (apiriletik irailera), ordutegi zabalagoak baimentzen dituena, ekainetik irailera murriztea; eta bestetik, terrazen ordutegia murriztea astean zehar bereziki, uste baitu gehiegizkoa izan daitekeela neguan 00:30ak arte eta udaran 01:30ak arte izatea. Gainera, nabarmendu du azkeneko proposamen hori, tabernariek egin zutela, beraiekin bileran.
«Hala ere, eskaera nagusia sinplea zen: dagoen ordenantza betearaztea. Horregatik, eskatu genuen baliabide gehiago eskaintzea, arautegia betearazteko. Baina EAJk ez dio erantzunik eman proposamenari», azaldu du EH Bilduk.
11 alegazio guztira, EH Bilduk
EH Bilduk jakinarazi du, guztira 11 alegazioa aurkeztu dizkiola terrazen ordenantzari. Horien artean, onartu egin dute espazio publikoan estaltze finkoak debekatzekoa, espazioaren pribatizazioa ekiditeko; eta mahai eta aulkiak egunero jaso behar direla gehitzekoa. Kafetegien kasuan, bestalde, proposatu zuen terraza lehenago jartzeko aukera, orain 10:00etan delako eta ez delako betetzen, «beraz zentzurik ez dauka. Azkenean, EAJk azterketa egiteko konpromisoa hartu zuen Plenoan».
Ez dute onartu, ordea, terrazen tamaina kontrolatzekoa. Orain, tabernariak ondoko lokalaren jabearen baimena izanez gero, lokal aurrean jarri dezake terraza; eta bizilagunen baimena ere behar izatea eskatu du EH Bilduk. Bestalde, Sagardo Plazaren birmoldaketarekin, egoerak okerrera egin duela salatu zuten bizilagunek, bileran; eta hori ondo ezagutzeko, inguruan zarata neurketa egitea proposatu zion EH Bilduk EAJri, «baina ez dio konpromiso horri heldu». Kafetegiek terrazengatik gutxiago ordaintzea ere proposatu zuen, gauez itxita daudelako, «baina entzungor egin zion EAJk». Eta azkenik, azaldu du EAJk ukatu egin nahi zuela aparkalekuetan terrazak jartzeko aukera, baina horrelako tabernak herrian badaudela ikusita, EH Bilduk eskatu zuen mantentzea, «beti ere segurtasun aldetik egokia bada, eta leku aproposagoan jartzeko aukerarik ez badago».
Horregatik, EH Bilduk deia luzatu die herritar eta tabernariei, alegazio epe berrian beraien proposamenak egiteko.