Etengabeko zahartze prozesua bizi du Urumea bailarak, azkeneko 35 urteotan

Kronika - Erredakzioa 2018ko abe. 22a, 01:00

Aldaketa ugari bizi ditu Uru­mea bailarak, azkeneko ha­mar­kadetan; Astigarragako hazkundeari dagokionez, bereziki. Eta bailarako biztanleriaren bi­lakaera aztertu du Josu Arrieta Iraola hernaniarrak, 1981 urtetik 2016ra. Biztanleria osoa, adin tarte ezberdinen araberakoa,  edota jatorriaren araberakoa jaso du azterlanean, eta baita etxebizitza kopuruaren bilaka­e­ra ere, zehazteko zenbat lagun bizi diren etxebizitza bakoitzean, batazbeste.

Datuek erakusten dute, bi­koiz­tu egin dela Astigarragako biztanleria, 35 urtetan; eta ia erdira murriztu dela Aranoko eta Goizuetako biztanle kopurua, denbora tarte berean. Bai­na Arrietak nabarmendu du, be­reziki, Urumea bailara ez dela salbuespena izan, gizarteak oro har bizi duen zahartze prozesuan: bikoiztu baino askoz ere gehiago egin da 65 urtetik gorakoen kopurua, bailarako herrietan; eta 1986 urtean 2.192 lagun baziren, 2016 urtean 4.966 ziren.

Hernanik, aldaketa gutxien
Bailarako herrien artean, Her­nani da aldaketa gutxien izan dituen herria, biztanle kopuru­a­ren aldetik: «oso aldaketa txikia eman da; 1981etik 2016ra, 425 lagun hazi da biztanleria. Baina aldiz, aldaketa nabarmena eman da adin taldeetan. 65 urtetik gorakoen kopurua, ia hi­rukoiztu egin da epe horretan; eta 19 urtetik beherakoen kopurua, ia erdira jaitsi da», azaldu du Arrietak.

Etxebizitza kopuruan ikusi du, baita ere, gorakada esanguratsua: «1991tik 2016ra, hiru mila haunditu da etxebizitza kopurua, 5.907tik 8.943ra». Aldaketa hori, etxebizitza nagusietan na­baritu da bereziki: 5.293 ziren 1991n, eta 7.965 2016an. Etxe­bi­zi­tza hutsen edo bigarren etxebizitzen kopurua ere, duela 25 urte baino haundiagoa da, 614tik 978ra; baina behera egin du 2006tik, 1.111 baitziren orduan.
Hori horrela, biztanleriaren eta etxebizitza nagusien datuak hartuz, etxe bakoitzean bizi di­ren lagunen kopurua kalkulatu du Arrietak, batazbeste: «bilaka­era garbia izan da, etxe bakoi­tzean lagun gutxiago bizi dira. 1991n 3,5 lagun bizi baziren etxe bakoitzean, 2016rako 2,54 lagunera pasa ginen. Lagun bat gu­txiago, etxe bakoitzeko».

Baina lehenagoko datuekin ere konparatu nahi izan du, eta 1961ekoak hartu ditu Arrietak, Hernani 1962. Estudio sociológico de un pueblo industrial guipuzcoano liburutik. «Urte hartan, 2.133 etxebizitzatan 10.106 lagun bizi ziren, etxe bakoitzeko 4,7 lagun alegia; orain baino bi lagun gehiago».

Jatorriaren arabera ere konparatu ditu Hernaniko biztanleak, Eustateko datuak hartuta: «da­tu­­etan, Atzerria ata­lean sar­tzen dira Ipar Eus­kal Herri­koak, eta Beste lurraldeak atalean Nafarroakoak, Espainia­koe­kin batera», argitu du. Hori ho­rrela, Euskal Autonomia Erki­de­gokoak berdintsu mantendu dira, gorako tendentziarekin (13.469tik 15.201era, 35 urtetan); baina beste bi ataletan eman da aldaketa nabarmena: «Na­fa­rroan eta Espainian jaiotakoak ia erdira murriztu diren bitartean (6.033tik 3.287ra), atzerri­an jaiotakoak boskoiztu egin dira (321etik 1.760ra). 2001 urtetik aurrera, nabarmena da atzerri­an jaiotakoen hazkundea; eta arra­zoiak daude pentsatzeko, lotura estura duela urte horretatik aurrera Hernanin eman den biztanleriaren hazkundearekin», azaldu du Arrietak.

Urumea bailarako biztanleri osoa, 
3.375 lagunetan hazi da 1986tik 2016ra; 
eta 65 urtetik gorako adin tartea, 
2.774 haunditu da epe berean.

20.000 biztanleko langa, gaindituta
Azkeneko biztanleria datuak ere ekarri nahi izan ditu azterketara, eta azaldu du, Eustaten eta Hernaniko Udalaren datuak ez datozela bat, «metodologia ez­berdinak erabiltzen baitituzte, eta ondorioz, emaitzak ezberdinak dira». Udalaren arabera, 20.220 biztanle zeuzkan Her­na­nik urtarrilaren batean, eta Eus­­­taten arabera, 19.849. Edo­zein kasutan, azaroaren 30ekoak dira azkeneko datuak, Udalak eskainitakoak: 20.488 biztanle.

20.000 biztanleko langa hori gainditu izanak, eragina izango du, esaterako, 2019ko Udal Hau­teskundeetan, 17 zinegotzik ez, 21ek osatuko dutelako Udala.

Baina aurrera begira, zahar­tzeari lotutako erronkak aurre­ikusi ditu Arrietak, Herna­ni­ren­tzat: «biztanleriaren zahartzeari aurre egin beharko dio Her­na­nik, 60 urtetik gorakoa baita biz­tanleriaren laurdena. Ondo­rioz, zenbait behar soziali eta bestelako beharrei eran­tzun be­harko die hurrengo urteetan».

Astigarragak, hazkunde izugarria baina ‘zahartu’ gabe
Hernanikoaren oso bestelakoa da, Astigarragako demografiak izan duen bilakaera. 35 urtetan, ia bikoiztu egin da biztanleria, 3.075etik 5.901era; baina zahar­tze prozesuak, ez du beste he­rri­etan bezainbesteko eragina izan, eta biztanleria osoaren antzeko mailan haunditu da: 273 ziren 65 urtetik gorakoak 1981ean, eta 763, aldiz, 2016an; biztanleria osoaren %11 bakarrik. «Gainera, 19 urtetik beherakoen portzentajea (%24) dezente altuagoa da, Hernanikoarekin konparatuz», azpimarratu du Josu Arrietak. Eta azaldu du: «kanpotik, inguruko herrietatik etorritako la­gun gazteek osatu dute Asti­ga­rragako hazkunde demografiko ikaragarriaren arrazoi nagusia. Hazkundea ez da naturala izan».

Etxebizitzei dagokionez, biztanle kopuruan bezala, izugarri haunditu da zenbatekoa. 1991n, 1.045 etxebizitza zeuden herri­an; eta 2016an, aldiz, 2.582. Datu horiek biztanleriarekin alderatuz, Arrietak azaldu du jaisten joan dela, etxebizitza nagusietan bizi diren lagunen kopurua (1991n 3,6 lagun, eta 2016an 2,6), «nahiz eta azkeneko urteetan egonkortu egin den, 2006an 2,7 baitziren dagoeneko».

Biztanleriaren jatorriari da­gokionez, berriz, Hernanikoen antzeko datuak eman ditu: 35 urtetan, Atzerria atalekoen ko­purua seikoiztu egin da (78tik 468ra), baina Nafarroan eta Es­painian jaiotakoena, mantendu egin da (592tik 619ra).

Hazkundearekin, zerbitzuak areagotzeko beharra
2018 urteko datuei dagokienez, urtarrilaren 1ean, Astigarragak 6.276 biztanle zituela dio Uda­lak, eta 5.922 Eustatek. Azaroa­ren erdialdekoak dira Udalaren azkeneko datuak, eta 6.491 biztanle direla dio; «hau da, urte hasieran baino 215 gehiago».

Arrietak dio, «hazkunde izugarri» horrek «zenbait desoreka» sortu dituela herrian: «batetik, zerbitzu publikoetan. Gaindi­tu­ta geratu direla pentsatzeko arrazoiak daude. Hala ere, pentsa daiteke hazkundea motelduko dela ondorengo urteetan, eta erakunde publikoek ere zerbi­tzuak egokituko dituztela, egoera berrira. Baina Astigarragan, badago beste erronka haundi bat, biztanleriak dauzkan erreferentziei dagokiona. Kanpotik etorritakoentzat, arrotzak dira, astigartarrentzat orain dela 20 urte arte herriko erreferentzia kultural eta komunitario ga­rran­­tzitsuak zirenak; eta beraz, erreferentzia bateratuak eta be­rriak asmatu beharko dituzte, herriaren kohesio kulturala eta komunitarioa lortu nahi bada».

Goizuetako biztanleria, ia erdira 50 urtetan
Kontrakoa gertatu da, Urumea bailarako bi herri goienetan, Goizuetan eta Aranon. Mende erdian, 1970etik gaur arte, ia erdira murriztu da Goizuetako biztanleria: 1.387 biztanle izatera iritsi zen orduan, eta 720 ba­karrik ziren 2016an. Azkeneko datua, 2017ko hasierakoa da, eta 717 biztanle zeuzkan, Na­fa­rroako Estatistika Erakundeak ez baititu eman, oraindik, 2018ko datu demografikoak.

70eko hori izan zen herriaren topea, gora egin baitzuen mende hasieratik (1.111 biztanle). Baina azkeneko urteotan, etengabea izan da beherakada. Ho­rrek, gainera, biztanleriaren zahartzea ekarri du. 65 urtetik gorakoak, 123 ziren 1986an, eta 184 2016an, biztanleria osoaren laurdena. Aldiz, 14 urtetik be­herakoak, 183 ziren, eta 30 urte beranduago, 79 bakarrik.

Datu esanguratsua da, biztanleriak beherakada haundia izan arren, gora egin duela 65 urtetik gorakoen kopuruak, na­barmen gainera: «azkeneko 30 urte hauetan, zahartze prozesu nabarmena gertatu da Goizue­tako biztanlerian. Bikoiztu egin da 65 urtetik gorakoen portzentajea, eta aldiz, %16,7tik %11ra murriztu da 14 urtetik beherakoena», dio Arrietak.

Aranon, hiru aldiz gutxiago
Antzeko joera izan du Aranoko biztanleriak, baina are haundiagoa izan da beherakada. 410 biztanlerekin hasi zuen 20ga­rren mendea, eta 20ko hamarkadan 443ra iritsita, man­tendu egin zen, pixkanaka behera eginez: 1950ean 390 ziren, eta 1960an 360. Baina hortik aurrera, izugarria izan da beherakada, hamarkadaz hamarkada: 1970ean 229, 1981ean 187...

Joera horrek gaur arte iraun du, eta 2017ko datuen arabera, 110 biztanle zeuzkan. Hortaz, 60 urteko epean, herena izatera pasa da, Aranoko biztanleria. «Ondorioztatu daiteke, biztanleriaren jaitsieraren arrazoiak ekonomikoak izan zirela, in­dus­trian eta zerbitzuetan lan egiteko; eta baita sozio-kulturalak ere», azaldu du Arrietak.

Beste herrietan bezala, za­hartze prozesuak ere eragin du Aranon: biztanleria murriztuta ere, mantendu egin da 65 urtetik gorakoen kopurua; eta 14 urtetik beherakoenak, ordea, izugarrizko jaitsiera izan du 1986tik (36tik 13ra), «nahiz eta nabaritzen den, azkeneko 10 urteotan zerbait aldatu dela, zentzu horretan. Izan ere, 2001 urtean 7 bakarrik ziren 14 urtetik beherakoak, eta gora egin du berriro, pixkanaka». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!