Azkeneko fasean, hau da, bozkatzearenean dago 2018ko Hernani Erabaki aurrekontu parte-hartzaileen prozesua. Azaroaren 11ra arte bozkatu ahal izango dituzte hamar proposamen gustokoenak herritarrek.
Ohi bezala, bi bide daude: internet bidez, erabaki.hernani.eus web-orrian; edo postontzien bidez, Biterin, kiroldegian, udaletxean, Sandiusterrin, EPAn, Gaztelekuan, Ereñotzun eta auzo elkarteen lokaletan.
Azkeneko hiru bilerak, datorren astean
Zubia dela-eta, ez dute bilerarik egin aste honetan, beraz, datorrenean izango dira azkeneko hiru saioak. Lizeagan izango da aurrenekoa, astelehenean, arratsaldeko 19:30etan, Larramendi kaleko lokalean. Bigarrena, Florida-Etxeberrin izango da asteazkenean, hilaren 7an; arratsaldeko 19:00etan hasita izango da. Eta azkena, Antziolan izango da, ostegunean, 19:00etan.
Auzoz auzoko beste sei bilera izan dira aurreko bi asteetan; horietan 60tik gora herritarrek parte hartu dute.
Berrikuntzak, aurten
Aurtengo bozkaketa fasean berrikuntzak izan direla gogorarazi du Udalak: «aurtengo galdetegiak, proposamenaren aurrekontuaz gain, argazki eta irudiak ere jasotzen ditu».
Horrez gain, nabarmendu dute internet bidez bozkatzeak aukera gehiago eskaintzen dituela: «irudiak eta aurrekontua ikusteaz gain, balorazio teknikoaren fitxa ikusteko aukera ematen du. Modu honetan, herritarrek proposamenaren inguruan informazio gehiago jasotzeko aukera dute». Gainera, prozesua bera baloratzeko aukera ere ematen dute, inkesta baten bidez.
Parte-hartzeko, deia
Urtero bezala, Udalak herritarrak animatu ditu parte-hartu eta udal aurrekontuetako atal baten erabakiaren partaide izan daitezen.