Orain bi aste salatu zuen Si.P.E. Ertzaintzaren Lanbide Sindikatuak komisaria batzuetako «osasun falta egoera», Gipuzkoako zentro ofizialetako garbiketa sektoreko grebak eragina, eta salaketa berretsi du, «oraindik Administrazioak ez baitu ezer egin, ez izurriteekin bukatzeko eta ezta garbiketako langileekin lan-gatazka konpontzeko ere».
«Izurriteak» eta gainezka egiten duten zabor ontziak
Garbiketa faltaren eraginez, «lanean ari diren ertzainentzako osasun falta egoerak sortzen» ari direla salatu du sindikatuak. «Komunetako kiratsa aldageletara iristen ari da, eta hondakinak dagoeneko ez dira kabitzen horretarako prestatutako zabor ontzietan».
Horrez gain, komisaria batzuetan arazo gehiago sortu direla ere nabarmendu dute, eta tartean, Hernanikoan. «Hernaniko komisarian arkakusoak aurkitu dira, eta komunak ezin dira erabili; beraz, langileek kanpora jotzen dute. Tolosako komisarian asteburu batean ezin izan da jantokia erabili, zizare pilaketa medio».
Arazo gehiago izan direla ere salatu dute, eta «konponbidea» eskatu dute.