Bi asteko borrokaren ostean, Gekako langileek zor zieten iraileko nomina kobratu dute eta bertan behera utzi dute greba. «Harro esan dezakegu, beste behin ere langile borrokak nagusikeria gelditzea jartzea lortu duela» dio enpresa batzordeak.
«Bi asteko grebak egin behar izan ditugu gure lanari dagokion soldata kobratzeko. Eta ez, arrazoia ez da enpresak diru arazoak dituela. Alderantziz, Geka enpresa ekonomikoki oso ongi dago, lan asko dauka, patrimonio haundia... Arazoa, patronaleko jauntxoen diru-gosea eta bazkideen arteko lehia kapitalista basatia, nork gehiago izan» salatu dute langileen ordezkariek.
Langileen borroka beharrezkoa dela diote enpresa batzordetik. «Eta nola ez, kapitalaren erreinuan, kaltetuak beti berdinak, langileak. Eskerrak Gekako langileek euren duintasunari eutsi eta tinko agertu direla nagusien aurrean. Egindako borrokari esker soldatak kobratzea lortu dute, baina mehatxuak bertan dirau».
Adi jarraituko dutela diote. «Borrokaldi hau irabazi dugu, baina ika-mika gertutik jarraituko dugu. Euren artekoak euren artean konpon ditzatela, dagokiguna emanez».