«Errespetu eta edukazio falta da PSE-EEko daturik ez ematea»

Kronika - Erredakzioa 2018ko urr. 30a, 01:00

Prentsaurrekoa eman zu­ten atzo alderdi sozialistaren Her­naniko egoitzan Ricardo Crespo sozialisten udaleko bozeramaileak, Maria Jesus Egido zinegotziak eta Pablo Peñacoba, Hernaniko sozialisten idazkari nagusiak, «balioa kentzeko EH Bilduren udal gobernuak egindako  Udala­ren kudeaketaren inguruko in­kestari». 

Izan ere, kritiko agertu da alderdi sozialista: «errespetu eta edukazio falta da, eta ez soilik Alderdi Sozialistarekiko, baizik eta baita ere PSE-EE bozkatzen duten hernaniarrekiko, PSE-EEri dagozkion da­tuak ez agertzea, alkatearen esanetan ‘adierazgarriak ez direlako’». Crespok gogorarazi zuen «18 eta 29 urte arteko gazteen artean bigarren aukera» direla, eta «2015eko udal hauteskundeetan hirugarren indarra» izan zirela, Ziku­ña­ga, An­tziola, edo­ta Lizeagako mahai batzuetan. «Auzo ho­rie­tan hirugarren indarra izatea ez da adierazgarria?». Era berean, «publikoari irekita egoitza ofiziala duen udaleko alderdi bakarra» direla ere azpimarratu zuen.

«Ezkutuko botoa»
Datuei erreparatuta, Crespo­ren esanetan «beldurra dago Her­nanin Udalari adierazteko zein alderdi lehenesten duen», eta «ezkutuko botoa» dago: «2015e­ko udal hauteskundeetan PSE-EEk botoen %12 lortu bazuen, inkestaren arabera %1,6k onartu du PSE-EE bozkatu izana; hau da, botoa eman zutenen %20k. Honek erakusten du hernaniar asko dagoela EH Bildu­ren gobernuan konfiantzarik ez duena». Horrez gain, «alkateak ezkutatu nahi izan duen datua» azaleratu zuen: «alderdi sozialistaren aldeko botoa eman zutela onar­tzen duen %20 horretatik %93k berriro egingo lukeela dio».

Bestalde, gogorarazi zuen in­kesta maiatzean egin izanak era­gin duela «Pedro Sanchezen go­bernuaren ekintzek herna­ni­a­­­rrengan eduki ahal izan duten eragina kontuan ez hartzea».

Azkenik, zein zerbitzu publikoren inguruan galdetu erabaki izana ere kritikatu dute so­zia­listek; «Bilduk ondoen ba­lo­ratzen direnak aukeratu ditu». Baina sozialistek «hernaniarrentzat lan egiten» segiko dutela azpimarratu zuten, «maia­tzeko hauteskundeak arte». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!