«Gogor salatu nahi dugu, herrian izandako eraso sexista»

Kronika - Erredakzioa 2018ko urr. 29a, 01:00

Joan den asteazkenean, gizonezko bat atxilotu zuten Her­nanin, Zinkoenean bikotekide­ari aurpegian ukabilkada eman eta mehatxu egiteagatik. Ger­tatutakoa «gaitzetsi» nahi izan du Hernaniko Koordinadora Feministak: «gogor gaitzetsi eta salatu nahi dugu, herrian izandako eraso sexista. Gure elkartasun eta babes osoa adierazi nahi diogu erasotua izan zen emakumeari, baita laguntzera gerturatu zen gizonari ere», azaldu du.
Eta gaineratu du: «emakumeon kontrako indarkeriak ez du mugarik, bizi garen sistema kapitalista patriarkalaren funtzionamenduaren ezin­bes­teko tresna baita, eredu honek sortzen dituen pertsonen arteko botere harremanak betikotzeko tresna, alegia». Nabar­mendu duenez, horren adierazle da, «erasotzaileak senti­tzen duen inpunitatea emakume bat espazio publikoan eta jendaurrean erasotzeko». Adie­razi du «eragile guztion ardura» dela «jendarte matxista honen aur­ka lan egitea, norberak be­re esparrutik, bestela indarkeria matxista sostengatzen jarraituko baitugu. Nazkatuta gaude­lako, bes­te behin ere, autodefentsa fe­ministarako deia egiten dugu ozen, gure bizitzak direlako jo­koan daudenak».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!