Ez zen inoiz egon markagailuan aurretik, eta hala ere, irabazteko aukera izan zuen Hernanik atzo, azkeneko minutuetan. Baina ez garaipen eta ez defentsako bonus, esku hutsik bueltatu ziren trikoloreak, Baldiri Aleu zelaitik, Santboianaren kontra galdu ondoren (27-14).
Putzuak eta lokatza izan ziren protagonista atzokoan, eta asko zaildu zuten jokoa, hasieratik. Aurreneko minutuetako berdintasuna, etxekoek hautsi zuten, baloiaren jabetza eskuratuz, baina arrisku berezirik gabe. Zigor kolpe batekin hartu zuten aurrea, ordu laurdena beteta, eta hortik hamar minutura hasi ziren zailtasunak, trikoloreentzat: bi jokalarik ikusi zuten txartel horia, eta ondo aprobetxatu zuten hori kataluniarrek, minutu gutxitan bi entsaio lortuta. Hori horrela, 17-0 iritsi ziren atsedenera.
Bigarren zatian, hobeto
Aurreneko zatiko momentu txarrak ahaztuta, hobeto hasi zuten bigarrena, hernaniarrek. Eta berehala gerturatu ziren markagailuan, gainera, jokaldi klasikoarekin: bandako sakea bost metrora, maula eta entsaioa (17-7). Zigor kolpe batekin aldendu zen Santboiana berriro (20-7), baina orduan, paperak aldatu zituzten: etxeko bi jokalariri erakutsi zien txartel horia epaileak, eta bigarren entsaioa lortu zuen Hernanik, hamar minuturen faltan (20-14). Erasora jo zuten orduan, eta bazirudien irabazteko aukera izango zutela; baina kontraeraso azkar bati esker, partidua itxi zuen Santboianak (27-14).