«Denok ‘gure’ sentitzeko espazio aproposa ikusten genuen, Urumea»

Kronika - Erredakzioa 2018ko aza. 10a, 01:00

Tilosetan zita irekia jarri, eta elkartu ziren herritarrak sartu ziren irailaren 27an Urumea He­rriGunean. Sare sozialen bi­dez egin zuten deialdia aurretik, espazio berri bat sortzeko: «hel­bu­rua herrigintza sorkun­tzatik eta harreman gertuetatik go­zatzea izango» zela adierazi zuten. Eraikina okupatu eta asan­bla­da irekiak egin zi­tuzten, espazioa nola antolatu denen artean erabakitzeko, eta tailerrak antolatzeko.

Eraikina publikoa da, eta botatzekoak dira, nahiz eta HerriGuneko barne taldearen arabera, Udaletik jakinarazi dieten ez dela berehalakoan botako. ‘Hernani’ Musika Es­kola Publikoko klase batzuk, adibidez, bertan ematen dira duela urte batzuetatik hona, eta baita beste zerbitzuren bat ere. Udaletik jakinarazi dute harremanetan daudela Herri­Gu­­neko kideekin. Bilera bat egin dute, eta beste bat ere egitekoak dira.   

Iraila bukaeran Urumeako eraikina okupatu zenuten hainbat herritarrek. Zergatik Urumea?
Alde batetik, Urumeako eraikinak bazterretako identitateoi erdigunean kokatzeko aukera ematen digulako, ez bakarrik sinbolikoki, baizik eta baita fisikoki ere. Urumea Ikastola herriko puntu estrategikoenetariko batean dago eta argi geneukan herrigunea erdigunean egon behar zela. Bestetik, Urumea eskola izandako espazioa da, eta guretzat honek pisu sinboliko eta erromantikoa ere badu. Herritar gehienok (ez guztiak zoritxarrez) edozein eskolatik pasa garelako, eta espazio interesgarria iruditzen zitzaigun herriko jakintzen, praktiken eta sentimenduen transmisioa egiteko; alegia, de­nok ‘gure’ sentitzeko espazio apro­posa ikusten genuen. Gai­nera, gehienetan, eskola, instituzioek ‘bertikalki’ kudeatutako instituzioa da; eta, zehazki, espazio honen izaera publikoa kontuan hartuta, guk, herriak ‘horizontalki’ kudeatutako ‘eskola herritarra’ sortzearen beharra ikusten genuen. Hau da, espazio edota eraikin publikoak be­rrartu eta hauei esanahi be­rriak ematearen beharra.

«Justizia soziala eta kultura herrikoia sustatzeko gauzatzen diren ekimenen guztien oinarrian dauden harremanak erdigunean jarri ditugu»

Zerk bultzatu zaituzte Herri Gunea sortzera? Zein beharrei erantzun nahi zeniekete?
Militantzia beste modu batera begiratzen hasi ginen, ikusi genuen bertan izugarrizko ga­bezia zegoela sorkuntza aldetik, eta gutako gehienak jende sortzailea ginela; beraz, horrelako espazio bat beharrezkoa genuela iruditu zitzaigun, gure borroka politikoak aurrera ateratzeko baina gure erara. Identitate desberdinen espazio bat sortu nahi genuen, bazterreko identitateak erdigunera ekarriz eta ‘militantzia’ plazerez biziz, molde berriak sortuz, sorkuntza ardatz izanik; ho­rregatik espazio transfeminista eta libertarioa. Bata bestea elikatu, gauza berriak ikasi eta erakutsi, eta nola ez gaur egungo eredu heteropatriarkala, kapitalista eta koloniala zalantzan jarriz eredu berriak sortu.

Gaztetxea ere badago Hernanin. Zein da Herri Gunea eta Gaztetxearen arteko desberdintasuna? Zergatik behar dira bi espazio okupatu autogestionatu?
Argi dagoena da, lehen begirada batean, irudi lezakeela bi espazio autogestionatu oso bertsu direla. Eta, jakin, badakigu, puntu batzuetan bat egiten dugula. Baina, lan egiteko forma eta bertan ematen diren praktikei dagokionez, desberdinak dira: gurean, justizia so­ziala eta kultura herrikoia sustatzeko gauzatzen diren ekimen guztien oinarrian dauden harremanak erdigunean jarri ditugu, hierarkia eta botere asimetria ematen diren lehen espazio politikoak baitira. 

«Identitate desberdinen espazio bat sortu nahi genuen, bazterreko identitateak erdigunera ekarriz eta ‘militantzia’ plazezer biziz, molde berriak sortuz»

Bigarren galderari eutsiz, Hernani, gune autogestionatu desberdinez betetzea, gure ame­tsetako bat izango litzake. Herri lurrak eta eraikin publikoak jabetza pribatura igaro­tzeko neurri politikoak hartzen ari diren honetan, gure ustez garrantzitsua da kontrako bi­deari eutsi eta espazio publiko zein pribatuak herriaren es­kuetan eta herriaren mesedetarako lanean jartzea.

Herritar guztientzako irekitako espazioa izatea nahi duzue: edozein adin, genero, jatorri eta gaitasun dutenentzako. Nola hartu daiteke parte bertan? 
Antolatzen diren bilera irekietan edozeinek dituen proposamenak bota ditzake, bestela korreo elektroniko (urumeaherrigunea@riseup.net) edo sare sozialen bitartez ere jarri daiteke harremanetan, ezagutzen bagaituzte ere aurrez aurre esan eta listo. 

Lehendik ere badira zerbitzu publiko (Musika Eskola) eta elkarte batzuk (Irrixola guraso elkartea) eraikina erabiltzen dutenak. Nolako harremana duzue?
Sartu aurretik ere bageneki­en. Batzuekin besteekin baino harreman estuagoa dugu, eta bata bestea errespetatuz, gero eta sare egonkorragoa lortu nahi dugu. Es­pazio handia da, beraz de­nontzat nahiko leku bada. 

«Hernani gune autogestionatu desberdinez betetzea gure ametsetako bat izango litzateke»

Oraingoz nola antolatu da espazioa? 
2. 3. eta 4. solairuak okupatu ditugu eta gela bakoitzari izaera bat eman diogu, sorkuntza arlo ezberdinetarako espazioak sortuz, hau da, mugimendu gela, ikus-entzunezko gela, musika gela, tailerra,…; baita beste era bateko gelak ere: sukaldea, goxo gela, bilera gela. Bestalde, gune politikoak emakumeen* gela, adibidez, edo zapalduen gela (Queer gela) sortzen gabiltza. Proiektu berria denez, beharren arabera egokitzen eta garatzen joango gara.

Ekintza edo ekitaldi jakin batzuk antolatu dira. Zein erantzun izan dute?
Orain arteko ekintzek eran­tzun ona izan dute eta badakigu hemendik aurrera herritarron parte hartzearekin pro­iektua elikatzen joango dela.

Etorkizunera begira besterik antolatzekotan bazarete? 
Bai, espazioa txukuntzea lan handia da, hortaz gaineratu nahi genuke esker onez hartuko ditugula  bigarren eskuko altzari edo behar ez dituzuen tresna eta materialak. Ekintzei dagokienez, hemendik gutxira plazaratuko dira ikastaroak eta agenda kulturala. Bestalde edonork zerbait antolatu edo espazioa erabili nahi badu jar dadila gurekin kontaktuan. 

 

Urumea Herrigunea - Taldeak

Hiru talde berri, sortzear

Joskintzarako taldea, saski ekologikoen taldea eta okinen taldea prest dira ia.

Dagoeneko «espazio batzuk altzariz eta proiektuz bete» dituztela ere jakinarazi dute sare sozialetan, eta eskerrak eman dizkiete Añorgako Fi­restone lantegi berreskura­tu­ko kideei, altza­riak berri­tzen laguntzea­gatik. 

Prestatu duten geletako bat, goxo-gela izan da; beste bat, Bilgunea, edo talde mo­to­rea biltzeko gela; eta azkenik, joskintza tailerra ema­te­ko gela. Hain zuzen, joskintza ikastaroa egin ahal izango da laster, Mundo Toxi­ko arropa diseinu etxe­ar­ekin elkarla­ne­an. Baina, ho­rrez gain, okin­tza tailerra ere ematekoak dira. Okinen taldea osatzen ari dira, ho­rre­tarako. Bes­talde, saski ekologikoen tal­dea ere osa­tze­kotan dabiltza, Beterri 0km-rekin elkarla­nean. Las­ter emango dute informazio gehiago. 

 

Urumea Herrigunea - Azaroko egitaraua

Zinea eta azoka, azaroan

Bihar hasiko da Zinemaldia. Bestalde, azokarako materiala biltzen ari dira.

Gelak txukuntzeaz gain, hainbat ekintza eta tailer antolatu dituzte dagoeneko Urumea HerriGunean, eta aza­rorako agenda ere pres­tatu dute: bigarren eskuko azoka, eta Zinemaldia.

Azokarako, gai bilketa 
Batetik, bigarren eskuko azoka antolatuko dute hilaren 18an. «Diru irabaziak proiektua au­rrera eraman ahal izateko era­bi­liko» direla azaldu dute. 

Azokarako materiala behar dute aurrena, ordea, eta ho­rretarako bihar jarri dute zita, 17:00etatik 19:00etara. «Behar ez duzuna» eramateko diote.

Aurreneko pelikula, bihar
Bestalde, Zinemaldiari ere bihar emango diote hasiera; Euskal Herriko ADBak jarriko dute 19:30etan. Astelehen, as­tearte, ostegun eta ostiralean, berriz, 19:00etan jarriko dira, hurrenez huren, Hedwig and the angry inch, Shortbus, Ana Caótica eta Gurean, Aske­kin­tzak egindako dokumentala. 

Asteazkena, berriz, umeen eguna izango da: 17:00e­tan To­toro bizilaguna jarriko dute. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!