Biterin zeukaten zita ostiralean, aurtengo Argazki Rally Digitaleko partehartzaileek; baina oraingoan, kamerarik gabe. Rallyko argazkiak ikusi zituzten, kultur etxeko areto nagusian; eta segidan, bere epaia eman zuen lehiaketako epaimahaiak, Hernaniko Argazki Forumeko kideek osatua.
Argazki onenetan onenak aukeratu, eta zortzi sari banatu zituzten. Haurren kategorian, Enara Lopezek jaso zuen bilduma onenaren saria; Gorka Pelazek argazki bitxienarena; eta Dunixe Berlanasek argazki atseginenarena.
Helduen mailan, berriz, lau saritu igo ziren taula gainera. Igor Gastesirena izan da aurtengo bilduma onena; eta Marian Martinena, bigarren onena. Hernaniarren artean, berriz, Iratxe Tejedorren bilduma aukeratu zuten irabazle. Eta azkenik, Jose Angel Amuchasteguik ateratako argazki bati eman zioten, Rallyko argazki onenaren saria.
Aurten ere izan da mugikorrarekin egindako argazkien kategoria, eta Amaia Gastesirena izan da bilduma onena.