Galduta ere, konfiantza hartu zuen Hernanik, aurreko asteburuan, VRACen kontrako partiduan. Azkeneko minutuan galdu zuten, zigor kolpe bat jasota, eta beraz, badakite edozeinen kontra lehiatzeko gai direla; indartsuenen kontra ere bai. Gaur ez dira gutxiago izango, eta garaipenaren bila aterako dira, Baldiri Aleu zelaira: Santboianaren kontra jokatuko dute, eguerdiko 12:00etan.
Bina garaipenekin daude bi taldeak, sailkapenean, eta biak 11 punturekin. Baina ez daude egoera berean, ordea. Trikoloreek konfiantza hartu duten bitartean, pattal hasi dute sasoia kataluniarrek. Play-offetan talde fijoa izan da azkeneko urteotan, baita txapelketa lehiatu ere. Aurten, ordea, nahi baino gehiagotan galdu du denboraldi hasieran; azkenekoa, aurreko asteburuan La Vilaren zelaian (17-15).
Hori horrela, aukera ederra dute hernaniarrek, zelai konplikatu batetik puntuak ekarri, eta beste koxka bat gora egiteko; bai sailkapenean, eta baita konfiantzan ere.
Partidua ikusgai, interneten
Sant Boira joaterik izan ez dutenek, internet bidez dute aukera, partidua zuzenean ikusteko: www.hernanirugby.eus webgunean dago lotura.