Irabazi egin zuten joan den larunbatean, Xoxokako jaietako desafio ederrean, Suharri Irazustabarrena astigartarrak eta Julen Gabirondok, Urtzi eta Beñat Telleria anaien kontra. 47:49 denboran osatu zuten saioa, eta minutu eta bost segundu beranduago bukatu zuten telleriatarrek.
Hala ere, espero zen bezala, atzetik hasi zuten saioa, Irazustabarrenak eta Gabirondok. Azkarrago egin zizkioten 50 altxaldiak, 100 kiloko zilindroari, Telleria anaiek, harrijasotzaileak baitira biak. 3:20 behar izan zuten haiek, eta 5:18 astigartarrak eta Gabirondok. Baina beste bietan, hobeto aritu ziren. Korrika egin beharreko sei kilometroetan, minutu erdi murriztu zuten tartea, eta beraz, minutu eta erdi beranduago ekin zioten sega saioari.
Eta azkeneko horretan bai, espezialistak direla erakutsi zuten Irazustabarrenak eta Euskal Herriko txapeldunak. 700 metro karratuko lursaila moztu behar zuten, eta erraz hartu zieten aurrea. Minututik gorako aldearekin bukatu zuten desafioa, azkenean.
Ikusmina piztu zuen desafioak, eta eguraldia lagun, jendetza bildu zen Xoxokan; baita giro ederra sortu ere.