ASTEBURURAKO eguraldi makurra dago iragarrita, batez ere arratsaldetik aurrera, baina Txantxillako jaiak ez ditu geratuko. Hotzari aurre egiteko erremediorik onena du, haurrentzako eta helduentzako krosa. Goizeko 10:15etan hasiko dira txikienak eta ordu laurden geroago helduak. Santa Barbarako ermitara igo eta jaitsiz, 6,3 kilometro osatuko dituzte korrikalariek. Helmugara aurrena iristen denak bakarrik ez, ermitako kanpaia jotzen lehenengoak ere izango du saria gero.
Egitaraua zabala da eta denentzako prestatu dira ekintzak. Sagardo dastaketa eta auzotarren bazkaria ere izango dira eguerdian. Plazan biltzen dira bizilagunak giro ezinhobean mahaiaren inguruan. Eta arratsaldean, arimen kalejirak hartuko du protagonismoa, beste behin.
Iluntzearekin batera aterako dira haur eta gaztetxoak, beltzez jantzita eta aurpegiak margotuta, dultzaineroen laguntzaz. Aurten, gainera, nobedade bat ere izango du kalejirak: dantza egingo dute arimek, doinu berezi bat oinarri hartuta, Irungo Agirretxe anaiei esker iritsi zaiena. Dantza lehenengo aldiz ikusteko aukera dute gaur herritarrek 19:00etatik aurrera.
Doinu horrekin dantzatuz eta kalejiran, urte osoko giro txarrak, beldurrak, zalantzak eta kezkak uxatuko dizkiete arimek, bertaratuei, erratza eta maskuriak astinduz. Gauerdiarekin batera amaituko da festa.