Ertzaintzak Hernaniko Udaltzaingoarekin batera, 26 urteko gizon gazte bat atxilotu zuen asteazkenean, Zinkoenean, bikoteari ukabilkada emateagatik eta kalean mehatxatzeagatik, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Gertakariak asteazken gauean, 21:00etan, jazo ziren, Zinkoenea plazan. Atxilotuak aurpegian jo zion emakumeari eta zauritu egin zuen. Odola zerion sudurretik eta han zeuden bizilagunek artatu zuten.
Biktimari laguntzera hurbildu zen gizon bat ere jo zuen, eta hainbat lesio eragin zizkion. Abisua jaso ostean, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren patruila bana bertaratu ziren. Erasotzaileak plazan jarraitzen zuen, emakumeari hil egingo zuela mehatxu eginez. Udaltzaingoarekin zegoen emakumea Ertzaintza iritsi zenean. Ertzainek gizon gaztea atxilotu eta polizia-etxera eraman zuten. Hainbat deliturengatik aurrekariak ditu.