Kantuz abesbatzarekin elkartrukea eginez, kontzertua eskainiko du gaur Zumaiako San Pedro abesbatzak, Milagrosan. Iluntzeko 19:30etan izango da, eta 13 pieza eskainiko dituzte, Amaia Aldalurrek zuzenduta. Klarinetean Mikel Emezabal ariko da eta pianoan Mari Carmen Azpeitia.
Zumaiako parrokia-korutik eratorria, 1984an sortu zen San Pedro abesbatza. Geroztik, musika-estilo asko landu ditu Euskal Herrian eta gure mugetatik kanpo eman dituen kontzertu ugaritan. Herriko ondare musikala berreskuratu eta zabaltzeko asmoa du, baita gaur egungo euskal musikagileen lanak ezagutaraztekoa ere. Honen adierazle Zumaiako Udal Musika Bandarekin batera 2013an grabaturiko Suite diskoa.
2009an, abesbatza federatuen mailako lehen saria irabazi zuen Errenterian jokatu zen Gabon Abestien LXIII. Lehiaketa Probintzialean. 2012an, Tolosako Topaketa Jaialdian parte hartu zuen. 2017an Sapere Aude Sinfoniettarekin bat egin zuen Algortan eta Zumaian kontzertuak eskaintzeko Fernando Velanquezen zuzendaritzapean. 2008. urtetik Amaia Aldalurren zuzendaritzapean lan egiten du koruak.