Astearte eta ostegunetan entrenatzen dute, berez, Mundarro Kirol Elkarteko pelotariek, baina Jon Goiburu Mundarro Kirol Elkarteko lehendakariak dioenez, «beti dago norbait frontoian». Eta seguruenik, esku pelotako taldea osatzen duten hemeretzietako bat bertan izango da.
Gipuzkoako Federazioko Ligan, denak
Beste behin, Joxe Mari Zubiarrain izango da pelota saileko arduraduna ikasturte honetan, eta Andoni Arraras zuzendaritzako kideak lantzen du alor fisikoa. Beraien gidaritzapean izango da taldea: «aurten, haunditu egin da», onartu du Goiburuk.
Hortaz, aurten bi infantil, 5 kadete, lau jubenil eta 4 nagusi arituko dira lehian, horietako guztiak Gipuzkoako Federazioko Ligan.
Herriartekoa, helburutako bat
Goialdeko hiru mailekin dauka zerikusia taldearen aurreneko helburuak, hau da, kadete, jubenil eta nagusiekin. Haiekin, «eskuz, herriarteko txapelketa bada aurtengo helburutako bat; palaz ere, saiatuko gara egoten», diote.
Izan ere, palaz ere lortu dute bikote bat izatea, aurten ere; Gipuzkoako Txapelketako 3.mailan daude haiek.
Herriartekoaz aparte, denboraldi bakoitzean «norberak bere helburuak» dauzkala onartzen du Goiburuk.
Pelota eskola ere, indartsu
Alebinetik behera, hau da, LH3 eta LH6 bitartean, Pelota Eskolan aritzen dira: «aurten 22k eman dute izena; urrian hasi dira eta asteazkenetan entrenatzen dute».
Mundarroko lehendakariak gogorarazi du, ikastea eta ondo pasatzea direla eskolaren helburuak: «ez dute konpetitzen. Pelota ezagutzea da kontua, eta frontoiarekin aurreneko harremana izatea».
Nahiz eta eskuz momentu honetan taldean neskarik ez egon «aukera egon badago».
Neskak gerturatzea, erronka
Nahiz eta eskuz momentu honetan taldean neskarik ez egon «aukera egon badago». «Ea animatzen diren» dio itxaropentsu Goiburuk: «batzuk hasten dira, baina jarraipena izatea zaila da». Eta onartzen du, gainera, erronkatzat dutela Mundarron: «zuzendaritzatik tematuta gaude nesken kirolarekin».
Pelota sailean, palan bada ordezkaritza: «hiru neska dauzkagu palaz, ea laugarren bat topatzen dugun!».
Frontoia, topaleku
Bada beste helburu edo erronka bat; hori da, hain zuzen, frontoiarena. Batetik, Goiburuk dioenez, «Udalak onartua dauka sarea jartzea». Eta bestetik, «saiatuko gara ea jendea etortzen den frontoira, ikustera».
Hortaz, lanik ez zaio falta Mundarrori pelotarekin. Baina itxaropena ere, nabaria da!