Bat egin du aurten ere, Astigarragako Udalak, Memoriaren Eguneko ospakizunekin. Gaur izango dira, eta herrian, eguerdiko 12:00etan jarri dute zita, udaletxeko arkupeetan. 15 minutuko kontzentrazioa egingo dute bertan, eta ondoren, lore eskaintza egingo diete biktimen familiei.
Gainera, aurreko urteotan bezala, Astigarragako bandera haga erdian egongo da egun osoan, «biktima guztiei egiten zaien omenaldi gisa», azaldu du Udal Gobernuak.
Gainera, nabarmendu nahi izan du, omenaldia bat datorrela «Udal Gobernu honek oroitzapenerako proiektuak eta memoriaren inguruko egitasmoak martxan jartzeko duen konpromisoarekin».
Lau biktima astigartar, 2015eko txostenean
Udal Gobernutik, bestalde, gogora ekarri nahi izan dute, 2015 urteko irailaren 4an, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Jonan Fernandez bakegintzarako eta bizikidetzarako idazkariak, udaletako ordezkariei aurkeztu eta banatu zietela Euskal kasuan izandako bizitzeko eskubidearen aurkako urraketen argazkiak, herriz herri (1960-2015) txostena, «oroimen proiektuak egiteko baliabideak emateko asmoz», azaldu dute.
Txosten horretan jasotzen dira, Astigarragako lau biktimaren erretratuak: 1978an poliziak su-armaz hildako Joseba Barandiaran Urkola, 1979an GAEk eta BVEk tirokatu zuten Tomas Alba Irazusta, 1984an GALek tiroz hildako Bixente Perurena Telletxea, eta 1985ean GALek su-armaz hildako Agustin Irazustabarrena Urruzola.
Gogora Institutuaren adierazpenarekin, bat
Memoriaren Egunaren harira, aurreko asteko Plenoan onartu zuen Astigarragako Udalak, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak aurkeztutako adierazpena, EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin, eta EH Bilduren abstentzioarekin.
«Gogora Institutuaren testuak jasotzen du, biktimekiko elkartasuna, eta pertsona guztien giza duintasunaren, bizitzeko eskubidearen eta giza eskubideen balio gorenarekiko konpromisoa», azaldu du Udal Gobernu Taldeak.
Adierazi nahi izan du, azkenik: «Udal Gobernu jeltzaleak berreskuratu du, EH Bilduren legealdian ospatu ez zen Memoriaren Eguna».