Seigarrenez ospatuko dituzte aurten, Txantxilla auzoko jaiak, Hernaniko auzoetako azkenekoak. Eta aste honetan izango dira, ostiralean hasita, eta larunbateko egun haundiarekin. Beste behin, beraz, Arimen Egunaren edo Gau beltzaren bueltan ospatuko dituzte, Hernaniko hilerri zaharra zegoen tokian, hain justu.
Ostiralean botako dute txupinazoa, eta ongietorri berezia egingo diote Arima Bihurriari, trikitilariek lagunduta. Aurretik, puzgarriak izango dituzte gozagarri haurrek, eta pintxopotea guztiek.
Arimen kalejirak, dantza berria
Larunbatekoa izango da egun nagusia, eta krosarekin ekingo diote. Haurrena egingo dute hasteko, eta helduena ondoren, Santa Barbarako ermitara igo eta jaitsiz, 6,3 kilometro osatzeko. Helmugara aurrena iristen denak bakarrik ez, ermitako kanpaia jotzen lehenengoak ere izango du saria gero. Izenematea zabalik dago, www.herrikrosa.eus webgunean, 5 euroan. Egunean bertan, 10:00ak baino lehen irteeran, 7 euro izango dira.
Sagardo dastaketa eta auzotarren bazkaria ere izango dira eguerdian, eta arratsaldean, arimen kalejirak hartuko du protagonismoa, beste behin. Iluntzearekin batera aterako dira haur eta gaztetxoak, beltzez jantzita eta aurpegiak margotuta, dultzaineroen laguntzaz. Aurten, gainera, nobedade bat ere izango du kalejirak: dantza egingo dute arimek, doinu berezi bat oinarri hartuta, Irungo Agirretxe anaiei esker iritsi zaiena. Doinu horrekin dantzatuz eta kalejiran, urte osoko giro txarrak, beldurrak, zalantzak eta kezkak uxatuko dizkiete arimek, bertaratuei, erratza eta maskuriak astinduz.
TXANTXILLAKO JAIAK - Egitaraua
URRIAK 26, ostirala
17:00-18:30, Puzgarriak, Txantxillako plazan.
18:00, Pintxopotea.
20:00, Jaien hasiera: txupinazoa eta Arima Bihurriaren etorrera, trikitilariek lagunduta.
URRIAK 27, larunbata
10:00, Diana, Hernani Musika Eskolako txistulariekin.
10:15, Haurren krosa.
10:30, VI. Txantxilla-Santa Barbara-Txantxilla Krosa.
11:00, Haur jolasak.
12:00, Sagardo dastaketa eta pintxoak.
14:30, Auzotarren bazkaria.
17:00, Toka txapelketa (lehenik haurrak eta ondoren helduak).
17:00, Pirata Garrapata haurrentzako ikuskizuna.
18:00, Txokolatada
19:00, Arimen kalejira, Hernaniko dultzaina taldekoekin.
20:00, Pintxopotea, Matraka elektrotxarangak lagunduta.
23:45, Festen amaiera.