Konponketa lanak hasi zituzten joan den asteazkenean, Larregain sagardotegira doan bidean, bi puntu hobetzeko; eta ordutik, itxita dago bidea. Hori horrela, bide alternatiboa hartu beharko da, Larregain edo Akola aldera igotzeko, Ereñotzutik barrena: Latxebistako bidetik igo, eta Katilluxarkotik jaitsi. Txirrita eskolaren parera iritsita, eskubira biratuta hartzen den bidea da Latxebistakoa, eta ezkerrera igotzen dena, berriz, Katilluxarkoa.
Beraz, norabide bakarrekoa izango da bide bakoitza, konponketa lanek iraun bitartean. Izan ere, hainbat puntu oso arriskutsuak izan daitezke, bi ibilgailu gurutzatuz gero, eta norabide bakarrekoa izango da bide bakoitza, eskola paretik Alkatxurainera bitarte. Salbuespen bezala, Latxebistakotik jaitsi ahal izango dute, bertan bizi diren bizilagunek eta zerbitzuetako ibilgailuek. Eskolaren ondoan eta Alkatxurainen jarri dituzte seinaleak.
Hiru asteko iraupena, lanek
Larregaingo bidearen bi puntu hobetuko ditu Auzo Udalak, konponketa lan hauekin, eta 48.400 euro inbertituko ditu. Aurreikusi dute, hiru asteko iraupena izango dutela obrek, eta beraz, gaurtik beste bi astez egongo da itxita, Larregainera doan bidea. Bitarte horretan, mantendu egingo dituzte trafikoaren erregulazio horiek, Ereñotzun.