Atzo aurkeztu zituen Hernaniko Udalak, Luis Intxauspe alkatearen eskutik, legegintzaldi amaierako inkestaren emaitzak. Aztikerrek egin zuen inkesta maiatzean, Udalak eskatuta, «ezagutzeko herritarrek dituzten kezkak, eta Udalean egiten diren programa, ekintza eta politikek duten harrera. Modu horretan, egon daitezkeen hutsuneak antzeman daitezke, eta hobetzeko bideak aztertu». 18 urtetik gorako 600 herritarri egin diete inkesta, etxez etxe; eta jasotako emaitzen arabera, aparkaleku falta da Hernaniko arazo nagusia. Zehazki, herritarren %30,6ak erantzun du, hala dela.
Trafikoa da hurrengoa arazo nagusienetan (%9,7), eta lan merkatuari lotutako arazoak (%6,4) eta herriko garbitasuna (%6,1) daude segidan. Herritarrak gehien kezkatzen dituena ere, aparkalekuen arazoa da (%19,6); sagardotegi garaia ere kezka garrantzitsua da herritarren artean (15,8), eta baita atez atekoa (%11,3) eta azpiegitura publikoen egoera ere (%10,9).
Herriko elkarbizitzaz, kultur aniztasunaz edota bizi kalitateaz galdetuta, gehienek erantzun dute ona dela (hiru ataletan %70 inguruan). Azkeneko lau urteotan, gainera, horien maila mantendu egin dela dio herritarren erdiak, gutxi gorabehera, baina asko dira hobera egin duela diotenak, bereziki elkarbizitzaren (%33,8) eta kultur aniztasunaren (%37,4) kasuan. Pobrezian dauden familien egoera, aldiz, ondo (%27,2), erdipurdi (%26,1) edota gaizki (%20,7) ikusten dute herritarrek, eta lau urte hauetan, mantendu (%42,5) edo okerrera (%24,1) egin duela uste dute.
Diru publikoaren kudeaketa eta zerbitzu sozialak, gai garrantzitsuenak
Zenbait gairi herritarrek ematen dioten garrantzia ere ezagutu nahi izan dute inkestan, eta diru publikoaren kudeaketa (10eko eskalan 9) eta zerbitzu sozialak (8,9) izan dira balorazio altuenekoak. Ondoren datoz enplegua eta jarduera ekonomikoaren sustapena (8,7), ingurumen zaintza (8,6), berdintasun politika (8,6), eta adineko pertsonekiko politika (8,5). Garrantzia gutxienekoak dira gazte politika (7,9) eta Udalak bultzatutako partehartzea (7,9).
Gai horietan Udal Gobernua egiten ari den kudeaketa ere baloratu dute: berdintasunean eta zerbitzu sozialetan jaso du balorazio altuena (7,1), eta enplegua eta jarduera ekonomikoaren sustapenak bajuena (6). Gainerakoetan, 6,5 eta 7 artekoa da balorazioa.
Udal Gobernuaren balorazio orokorra, 6,5ekoa izan da. %20,1ak uste du herriko arazoak konpontzen ari dela, %33,4ak badakiela nola konpondu baina denbora gehiago behar duela, eta %28,2ak ez dakiela nola konpondu. Oposizioaren kasuan, berriz, %16,8ak uste du arazoak konpontzeko proposamenak egiten laguntzen duela, eta %37,2ak Udal Gobernuari kritika egin eta oztopoak jartzen dizkiola.
Inkestaren emaitzen txosten osoa, webgunean ikusi daiteke: www.kronika.eus.
Hauteskundeei buruz ere bai
Inkesta horrekin batera, hauteskundeei buruz ere galdetu zaie 600 herritar horiei. Eta zehaztu dute, duela lau urteko alderdi bakoitzeko hautesleen zenbatek bozkatuko lioketen berriro: EH Bilduri %76ak, EAJ-PNVri %68,5ak, Orain Hernaniri %74,1ak, eta beste alderdiren bati %56,2ak. Gainerakoek botoa aldatuko lukete, edo ez dute erabaki oraindik. Argitu dute, zergatik ez den PSE-EE ageri grafikoan: «Aztikerrek dio, jasotako emaitzen arabera, metodologikoki eta estadistikoki ez dela adierazgarria, PSE-EEri koadro bat ematea, emaitzak desitxuratu egingo lituzkeelako», azaldu du Luis Intxauspek berak.