Kirola askotan gogorra izaten da eta atzokoan Hernaniri suertatu zitzaion bere azalean hori jasatea. Ia partidu guztian aurretik ibili eta gero, azken jokaldian epaileak zigor kolpea adierazi zuen Hernaniren aurka eta Griffiths jokalariak ia zelai erditik 45 metroko ostikada sartu zuen, zutoin artean, eta garaipena eman zion VRAC Quesos Entrepinaresi 20-22.
Nahiz eta galdu Hernanik partidu bikaina jokatu zuen eta markagailuan aurretik ibili zen 67 minututan. Soilik hasierako 9 minututan eta bigarren zatiko lau minututan ez ziren aurretik jardun. Ordura arte eginiko lana goraipatzekoa izan zen eta aurten talde sendoa duela erakutsi zuten jokalariek beste behin.
Ongi hasi zuten partidua Etxeberriaren entsegu batekin. Eta ondorengo 25 minututan eutsi zioten zazpi puntuko abantailari. Atsedenaldira iristeko bost minuturen faltan lortu zuten kanpotarrek bere lehenengo eta entsegu bakarra, markagailuan berdinketa ezarriz. Hala ere, Hernani berriz ere erasora joan zen azken minutu horietan eta 10-7 jarri ziren aurretik.
Bigarren zatia irekiagoa izan zen eta hasi eta berehala Mikel Imazen bigarren entsegua etorri zen. Elosegik 17-7koa jarri zuen. VRAC-ek ez zuen galdu nahi Landaren eta jarraian lau zigor kolpe sartu zituen 17-19 aurretik jarri zelarik. Hala ere berehala erantzun zuen Hernanik eta 20-19 irabazten jarri ziren berriz ere.
Azken minutuetan baloia eusten saiatu ziren etxekoak, baina minutu baten faltan galdu eta Griffthsek 45 metroko kolpea sartu zuen eta garaipena eman zion VRAC taldeari, 20-22.