Goizueta eta Hernani arteko lotura, indarrean

Kronika - Erredakzioa 2018ko urr. 13a, 02:00

Betidanik izan da lotura es­tua Goizueta eta Hernaniren artean, Urumea ibaiak marka­tzen duen harremanari segika. Hernani izan da goizuetarren aterabide naturala urtetan, eta horren ondorioz, asko dira egun Hernanin bizi eta lan egiten duten goizuetarrak. Horien artean daude Ester Huitzi, Joxe Salaberria eta Felisa Narbarte senar-emazteak, eta Antton Elizegi.
Urteak daramazkite Her­nanin bizitzen eta Hernanira zerk bultzatuta iritsi ziren azaldu diote Kronikari.  
Horiek guztiak elkartzeko nahia plazaratu dute askok, eta horregatik, bazkari bat egiteko deia egin dute: Xapo bazkaria. Hilaren 27an izango da, Urnietako Elutxeta sagardotegi-jatetxean, eguerdiko 14:30e­tan hasita.
Joan nahi duenak, hilaren 21era arte dauka aukera apuntatzeko. Kitto tabernan jarri dituzte izena emateko orriak.

110 goizuetar, erroldatuta dau­de Hernanin
2018an 110 goizuetar daude erroldatuta Hernanin, 61 emakumezko eta 49 gizonezko dira, adin guztietakoak. Zaharrenak 87 urte ditu; eta gazteenak, aldiz, 13 urte.

ANABEL SALABERRIA, JOXE SALABERRIA ETA FELISA NARBARTE

«Hernanira etorri nintzen atzera begiratu nuelako»

Joxe Salaberria Zikuñagako papeleran hasi zen lanean 1971ean eta jarraian etorri zen familia dena; Emaztea, gurasoak, lau seme alabak eta lau anai ere bai. «Hernanin ikusten nuen etorkizuna», baina hala ere «ahal badu egunero joaten da Goizuetara. Bertan buelta eman eta abeltzain ibiltzen da» dio Anabel Salaberria alabak.

Joxe Salaberria 1971garren ur­tean hasi zen lanean Ziku­ña­gako papeleran eta ordundik bizi da Hernanin. Bera­rekin batera etorri ziren bere emaztea Felisa Narbarte eta lau se­me-alaba. Joxe, Maria An­jeles, Felix eta Anabel.
Ez hori bakarrik Joxeren gurasoak eta beste lau anaia ere eto­­rri ziren. «Txonku-Ene­an ja­rri ginen bizitzen alki­lerre­an». Handik urte batzutara, «18 urtera hain juxtu, Fer­min-Enea baserria erosi zuten Osiñagan bertan», gogoratzen digu Anabel alaba gazteenak. «Nik bi urte nituen Hernanira etorri ginenean eta 1989an etorri ginen Fermin-Eneara».
Denak jaio ziren Goizuetan, baserrian. «Lau seme alabak Goizuetan jaioak dira» dio Felisak. Xapo Bazkarirako ka­ra­­kolak eskatutakoa da Joxe, bere alaba Anabel joan baitzen aurreko astean me­nua zein izango den adostera Elutxetan. Joxek umorez dio «Ez dauzkatela esan didate, nik baratzan bai, baina etxean ez. Lan ha­un­dia eska­tzen du­te­la, baina zapoei karakolak jatea asko gus­tatzen zaie eta gu goizutarrak izanik».
Garai haietan ere goizuetarrak kanpora joaten ziren lanera, baina herritik kanpora bizitzera horrenbeste jende ez omen zen joaten. «Beti irten da jendea. Hala ere gu Herna­nira etorri ginenean gutxi irteten ziren» argitzen du Felisak.
Joxek Hernanira etorri ze­neko eguna ere gogoan du. «9 de abril». «Hasieran bera ba­ka­­rrik etorri zen eta gero fa­milia guztia atzetik. Geroztik hemen gaude» dio Felisak.
Urte asko dira etorri zela Hernanira, baina ez du denbora galtzen jaioterrira buelta­tzeko. «Baserria oraindik ere badaukagu eta aitak ahal badu egunero joaten da» dio Ana­belek. «Abereak udaran bertara eramaten ditu eta neguan bueltan ekartzen ditu».
Askok diote Goizuetarako bidea luzea egiten dela, baina bertakoak «ohituta» daudela dio Anabelek. Hala ere udaran ongi baina bidea neguan ibil­tzeko ez dela ona diote. «Gero autobusa jarri zuten Leitzara joateko. Hala ere nire baserrira iristeko beste ordu erdi behar nuen. Hernanitik Goizuetara beti ezagutu dugu autobusa correo deitzen dena» azpimarratzen du Joxek. «Ni Hernanira etorri nin­tzen atzera begiratu nuelako», aitortzen du Joxek. Semeen etorkizuna erosoagoa izango zela pentsatzen zuen.

ANTTON ELIZEGI

«Hamabi urterekin amari esaten nion Hernanira etorriko nintzela bizitzera»

Antton Elizegik lanarengatik aukeratu zuen Hernanin bizitzea. «Erosotasunarengatik. 30-40 minutu aurrezten dituzu».

«bizitza ia erdia egin dut dagoeneko Goizuetatik kanpo». Antton Elizegik 25 urte zituen Goizuetatik irten eta Hernanin bizitzen jarri zela. Orain 48 ditu. «Hamabi urterekin amari esaten nion Hernanira etorriko nintzela bizitzera. Hernani eta Goizuetaren artean lotura asko dago betidanik».  Anttonek dio ba­dagoela kanal moduko bat Hernani, Oiartzun, Lesaka eta Goi­zuetaren artean. «Hernani eta Goizuetaren artean hurbil­ta­suna ezinbestekoa izan da lotura hori edukitzeko. Aldea dago Iruñeara joan edo Herna­nira etorri».
Anttonek lana Goizuetan egiten zuen eta etxea Hernanin ero­si zuen. «Nik argi nuen. Ha­mabi urterekin nire amari esaten nion bizitzera Hernanira joango nintzela. Berak barre egiten zuen. Egia esan, horrela izan zen».
Musika zalea izanik, gazterik hasi zen esku soinuarekin. «Eta akademira Yabenena etor­tzen nintzen. Larunbatero autobusean, 11 urterekin etortzen hasi nintzen. Bueltatu aurretik bi-hiru ordu libre izaten nituen eta lehengusuarekin Hernanin egoten nintzen futbolean jolasten edo futbola ikusten. Girotxo hori gustatzen zitzaidan eta erakarri egiten zidan».
Urte askotan lotarako urteak egin ditu Hernanin. «Jeiki eta lanera joaten nintzen, eraikun­tzan, sei urtez. Eraikuntzaren krisia etorri zenean Her­naniko herrian bertan hasi nintzen lanean ostalaritzan. Zazpi hilabete ere bueltatu nintzen Goizu­etara. Ongi etorri zitzaidan. Nahiz eta Hernani, azkenean, zirkulu itxia ere izan, Goizuetan beste lasaitasun bat dago. Oso desberdinak dira. Hala ere ilu­na­­barra iristean kotxea hartu eta Hernanira bueltatzen nin­tzen lagunengana. Goizue­ta­koak lanean edo zeuden».
Antton Elizegik EPOn egin zituen ikasketak. «Hiru urte eta erdi, lanean hasi aurretik. Cole­gio Comarcal Mixto de Goi­zu­e­tan ikasten nuen aurretik, orain Xalto ikastola izena du».
Goizuetatik irten eta Herna­nira etortzeko arrazoi nagusia gehienetan erosotasuna dela azpimarratzen du Antto­nek. «Goizuetar askok lana kanpoko en­pre­setan egiten dute, nire ka­suan bezela, eta 30-40 minutu aurrezten dituzu. Horre­ga­tik ero­sotasuna bilatzen da eta ir­ten gara asko horren bila. Ez da gusto kontu bat, ahal duzunean herrira bueltatzen zera. Ni Hernanin oso gustora, eroso bizi eta sentitzen naiz. Kan­poan lanean aritu eta gero herri mina ere sortzen zaizu. Niri gertatu zitzaidan 21-23 urterekin Espainia guztitik la­nean aritzen nintzenean».
Gaur egun Kitto taberna ku­deatzen du Tilosetan. «Ni gustora bizi izan naiz bai Goizuetan eta bai Hernanin. Bakoitzak bere alde onak eta txarrak di­tu». Antton oso ezaguna da eta berak ere Hernaniko goizuetar ia denak, denak ez esatearren, eza­gutzen ditu. «Hernanin goizuetar asko Goixu ezizenez ezagutzen gaituzte, batez ere, eskolan, EPOn horrela deitzen zidaten, baina orain Antton bezela ezagutu eta deitzen naute».

ESTER HUITZI

«Joan nintzela 48 urte igarota ere, Goizuetakoa sentitzen naiz»

Hamar urterekin ahizparen etxera, Fagollagara, eraman zuten Ester Huitzi. Hernanin bizi diren gehientsuenak ezagutzen ditu.

ester Huitzi oso ezaguna da Hernanin eta Fagollagara 10 urte besterik ez zituenean iri­tsi zen Goizuetatik. «Ahizpa Fago­llagan bizi zen eta berarengana joan nintzen. 1970­garren urtea zen» gogoratzen du Esterrek. Beraz Hernanin 48 urte daramatza, baina hala ere oraindik ere nongoa den galdetzen diotenean azkar erantzuten du «Goizuetakoa».
Beste kasu batzuekin alderatuta desberdina da Este­rrena. «Nik ez bainuen erabaki. Ni umea nintzen eta ekarri egin zidaten Herna­nira. Hamabi senide ginen eta erabaki zuten ahizparen etxera joatea. Ereñotzun ibiltzen nintzen eskolan, gero berehala hasi nintzen lanean eta 19 urte nituenean alde egin eta nire kontura bizitzen hasi nintzen».
Laister egingo ditu 50 urte Hernanira etorri zela. «Ospatu beharko dut».
Hamar urterekin etxea utzi behar izate hori gogorra dela dio Esterrek. «Ez da zure erabakia eta». Hala ere bere oroi­tzapenetan Goizuetara itzul­­tzeko aukera asko ez izatea du gogoan. «Hori zen okerrena. Gauza asko gal­tzen dituzu».
Orain jende helduarekin aritzen da lanean. «Lagun batek esaten dit oso txikitan irten nintzela Goizue­tatik eta ez naizela bertako, baina nik beti diot Goizue­takoa naizela. Bertan jaio nintzen. Hala ere egia da so­ka puskatu zela eta ez naiz joaten gehiegi. Alper­ke­ria­gatik dela esango nu­ke. Kotxeko karnetarik ere ez dut, baina ez naiz inoiz ausartu esatera hemengoa naizela. Goizuetakoa senti­tzen naiz».
 Goizuetan jaiotako 110 goizuetar bizi omen dira Hernanin eta gaur egun batenbat ez du ezagutzen Esterrek. «Gehientsuenak eza­­­gutzen ditut. Gazteren bat ez dut ezagutzen, baina aho­­tsagatik goizuetarrak di­­rela an­tzematen dut, bes­te batzuk aurpegiaren an­tze­kotasunarengatik jakiten dut goizuetarrak direla. Eta galdetu egiten diet zu Zapoa zera... ohitura haundia dut».  
Goizueta-Hernani autobusari ere oraindik Correoa deitzen dio. «Horrela esaten zitzaion, lan hori egiten zuelako ere bai, eta ohitura hori oraindik ere ez dut galdu». Goizuetan bizi direnei dirulaguntzak eman behar direla ere uste du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!