Aitor Gorrotxategi hernaniarra pelotako Munduko Txapeldun da eskuz binaka. Garaipen ederra lortu zuten berak eta Xabier Sanchok, finalean, Xala eta Mendyri 10-1 eta 10-4 irabazi eta gero. Beraz hernaniar delegazioa urrezko domina batekin bueltatuko da Hernanira, baina ez da izan domina bakarra. Amaia Irazustabarrenak ere eskuratu du berea. Finalean ez zuten berak eta Maider Mendizabalek egunik hoberena izan eta Iturrino eta Housset bikotearen aurka 15-7 eta 15-4 galdu zuten gomazko paletan.
Trinketean ere Urumea bailarako pelotariek beste zilarrezko domina lortu dute. Oier Gurutzealde astigartarrak ez zuen trinketeko eskuzko banakako finalean ordezko izan zen, baina aurreko partiduetan jokatu duenez zilarrezko domina ere berea da.
Aitor Gorrotxategi eta Xabier Sancho guztiz nagusi izan ziren final guztian zehar. Lehenengo setean 10-1 irabazi zuten eta bigarrengoan Iparraldeko Laduche kapitainak Mendy atzelaria aldatu zuen Iturberen ordez. Hala ere, gauzak ez ziren asko aldatu eta tanto zoragarri batzuren ondoren 10-4 nagusitu ziren Munduko Txapelketa irabaziz.
Aitor Gorrotxategik lehenengo eta azken partiduak jokatu ditu eta bigarrengoa eta finalerdia Mikel Beroizek jokatu zuen atzelari lanetan.
Finalean jokatzea berezia izan da Aitorrentzat eta oso pozik zegoen urrea lortuta. «Nire garaipenik haundiena da dudarik gabe». Amaia Irazustabarrenari zapore gazi-gozoa utzi zion zilarrak, finalean ez zutelako beraien mailarik onena eman. «Ez dut sartzeko aukera askorik izan eta ez dugu gure egunik onena izan».