Solasaldia gaur, 50garren urteurrena ospatzeko

Kronika - Erredakzioa 2018ko urriaren 20a

Urteurren borobila bete berri du egunotan, Alkoholiko Ano­ni­moen San­ta Barbara Tal­deak. 1968ko urriaren 15ean sortu zu­ten Hernanin, eta beraz, 50 urte bete zituen astelehenean.
 

Eta ez dute alperrik pasa­tzen utzi nahi izan, data be­re­zia. Horregatik, hitzaldi sola­saldia antolatu dute gaur, San­diusterriko aretoan, eguerdiko 12:00etan hasita. Bertan, parte hartuko dute, medikuntzako profesional batek, Alkoholiko Anonimoen zenbait kidek, eta Al-Anon alkoholikoen senide eta lagunen laguntzarako elkarte­ko zenbait kidek. Herritar guz­tiei irekia izan­go da.

 

Etxe partikular batean, aurreneko bilerak

Orain 50 urte sortu zen Santa Barbara Taldea, baina aurre­ne­ko terapia bilerak, hori baino lehenago egin zituzten Herna­nin. Hasierako horiek, etxe par­tikular batean egiten zituzten, eta pertsona gutxi batzuk elkar­tzen ziren. Pixkanaka, jende gehiago batu zen taldera, eta Plazako lokal batera mugitu ziren. Orduan erabaki zuten Santa Barbara Taldea eratzea. 1968ko urriaren 15ean izan zen, eta beraz, hori hartzen da tal­dearen sorrera data gisa.
 

Gerora, mugitu ziren gaur egun Musika Eskola den erai­ki­neko lokal batera; han ber­tan zegoen kokatuta DYA ere. Eta azkenik, Sandiusterriko beheko lokaletara al­datu ziren; gaur egun dagoen tokira, hain justu. Bertan egiten dituzte bilerak, eta telefono bat ere ba­daukate, herritarren harre­ta­rako: 943 33 11 03.
 

Astelehen eta ostiraletan egiten ditu terapia saioak, San­ta Barbara Taldeak, arra­tsal­de­ko 19:30etan hasita. Oste­gu­ne­tan, berriz, informazio saioak egiten dituzte 19:00etan, gaixo alkoholikoak sendatzeko pro­gra­ma ezagutu nahi dute­nen­tzat. Eta lokal berean biltzen dira, Al-Anon taldeko senide eta lagunak ere: asteazkenero elkartzen dira, 18:30etan.
 

Saio horietan, konpartitzen dituzte beraien esperientzia pertsonalak, eta haiengana jo­tzen duten kideen ano­ni­mo­ta­suna gordetzen dute guztiz.
 

Nabarmendu nahi izan dute, beste behin: «alkohololismoa ez da bizio bat; gaixotasun bat da, sendaezina eta progresiboa, baina gelditu daitekeena. Ho­rre­­tarako, edateari uzteko be­ne­tako gogo zintzoa behar da». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!