Urria bukatu baino lehen, bi lehiaketa jarriko ditu martxan Auzo Udalak, Ereñotzuko bi zerbitzu ustiatzeko: martxan dagoen zerbitzua, bat; berria, bestea. Publiko egiten direnetik, 20 eguneko epea izango da, aurkezteko.
Batetik, irekita dagoen Irrintzi taberna ustiatzeko lehiaketa irekiko da, kontratua abenduan bukatzen baita, eta orain lanean ari denak ez baitu jarraitzeko asmorik.
Bestetik, Ereñotzun oinarrizko produktuak salduko dituen denda jartzeko lokala eskuratu eta prestatu du Auzo Udalak, eta denda zerbitzu hori nork emango duen erabakitzeko lehiaketa irekiko da.
Denda, oinarrizko elikagaiak saltzeko
Ereñotzun denda jartzeko ekimena, «Ereñotzuko eta eskualdeko landa eremuko biztanleek oinarrizko produktuak eskuratu ahal izateko iniziatiba publikoa» da, eta helburua da «auzoko bizi kalitatea gutxieneko maila batera ekartzea», Auzo Udaletik azaldu bezala. «Oinarrizko elikagai eta egunerokotasuneko beste produktu eta zerbitzuak eskuratzeko gune bat sortzea da helburua. Izan ere, Ereñotzun ez dago dendarik».
Horregatik, eta Udalak ezin duelako horrelako zerbitzurik zuzenean eman, lokala eta salmenta jarduera martxan jartzeko behar den inbertsioa egin du Udalak, eta orain, zerbitzua esleitzeko lehiaketa publikoa jarriko du martxan. Urria bukatzerako argitaratuko dela espero dute, eta argitaratzen denetik 20 eguneko epea egongo da aurkezteko. Hernaniko Udaleko webgunean, ‘Kontratatzailearen profila’ atalean ikusi ahal izango da.
Esleipena egiten denetik bi urteko epea izango da denda ustiatzeko, eta bi aldeak ados egonez gero, beste bi urtez ere luzatu ahal izango da. Kanon edo alokairurik ez da ordaindu beharko, «bideragarritasuna ziurtatzeko».
Denda jartzeko egokitutako lokalak 70 m2 inguru dauzka, eta Ereñotzuko herrigunean dago, Hernani eta Goizueta arteko bidearen ertzean. Aparkatzeko lekua badago, eta lokaletik gertu daude Ereñotzuko Irrintzi taberna, plaza, frontoia eta Auzo Udala bera.
‘Kontratatzailearen profila’ atalean argitaratuko dira.
Bideragarritasun azterketa, egina
Proiektua martxan jarri aurretik, Auzo Udalak bideragarritasun azterketa egin du, biztanleen artean galdeketa egin da, eta txostenak Auzo Udalean ikusi daitezke.
Ondorioztatu da, besteak beste, «kalitatezko eta bertako produktuen eskaintza estimatua» izango litzatekeela, eta «nolabaiteko eskaintza ekologikoa izateak ere harrera ona» izango lukeela. Egitasmoak «harrera ona» duela uste du Auzo Udalak, eta «zerbitzuaren erabilera egonkorraren hastapen bat izan daitekeenaren zantzu positiboak» ikusi ditu.
Irrintzi taberna ustiatzeko ere, lehiaketa
Laster irekiko den beste lehiaketa, Irrintzi tabernaren ustiaketa esleituko duena izango da. Kasu honetan ere, lehiaketa publiko egin eta 20 eguneko epea egongo da aurkezteko.
Tabernaren kasuan, helburua da «inguruko biztanleentzat elkargunea izatea». Dagoeneko martxan dago eta kafea, edariak, otorduak, pintxoak, goxokiak eta antzeko zerbitzuak ematen ditu. Era berean, bisitarientzat informazioa eskuratzeko puntua ere izan behar du.
Martxan egon arren, abenduan bukatuko da esleipena, eta berriro aterako da lehiaketara, bi urteko ustiaketa esleitzeko, beste bi urtez luzatzeko aukerarekin. Kasu honetan ere ez da kanonik aplikatzen, baina frontoiko aldagela eta komun publikoak ireki, itxi eta garbitzea eskatzen da trukean. Tabernak 50 m2 ditu, eta 40m2 inguruko terraza.