Umore Ona elkarteko batzordeak erabakita, bi astez atzeratu da elkartean Atalen eguna. Urriaren 14an ospatzekoa bazen ere, hilaren 28an egingo da.
Izan ere, herriko guraso gazte baten heriotzak hunkitu egin du herria, eta berria jakin bezain laster bildu zen batzordea, erabakia hartzeko.
Egitaraua, berdin
Gertakari larri horren ondorioz, festa giroan pasatzen duten eguna bi astez atzeratu da, baina egitaraua berdin mantenduko dutela jakinarazi dute.
Horrela, hilaren 28an 11:00etan Irumaita txarangarekin batera aterako dira Atalak Madalenatik, eta 11:30etan pilota partiduak izanen dira. Segidan, abesbatza, dantza taldea eta txarangaren emanaldiak izanen dira, eta 14:00etan bazkaria, Umore Onan. Arratsaldea Ganddegiko Luixek girotuko du.
Une zailak diren arren, ahalik eta modu goxoenean pasatzeko ahalegina eginen dute.