Irailaren 15ean hasi ziren, Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatuta, Ondarearen Europako Jardunaldiak. Azaroaren 16ra arte, makina bat ekintza prestatu dituzte, Gipuzkoako herrietan; eta Astigarragan izango dira horietako bi.
Datorren igandean, urriaren 28an, izango da aurrenekoa: Emakumea eta sagardogintza bisita gidatua egingo dute, Petritegi sagardotegian. «Emakumeen presentzia betidanik izan da garrantzitsua ogibide honetan, eta gure kasuan, oso nabarmena da: Otaño-Goikoetxe familiaren bosgarren belaunaldiko kide gehienak, emakumeak gara. Sagardotegiko bezero eta lagun askok, oraindik gogoan dute Joxepa amonaren lana, bai baserrian eta bai sagardogintzan. Hori guztia azalduko dugu bisita horretan», aurreratu dute. Goizeko 10:30etan izango da bisita.
Ate irekiak, ondoren
Bisita gidatuaren ondoren, ate irekien eguna antolatu du Petritegik, aurreko urteotan bezala. Horrela, egun osoko festa izango da. 11:00etatik 13:30etara, ate irekiak egingo dituzte: sagastian sagarra bildu, sagar desberdinak dastatu, muztioa egin eta dastatu...
Bertsoak ere izango dira eguerdian, Aitor eta Jon Mendiluze aita-semeen eskutik; eta ondoren, bertan bazkaltzeko aukera dute bertaratuek. Festak arratsaldean segiko du: haurrentzako tailerrak, 15:30etatik 17:00etara; eta karaokea segidan, 19:00ak arte.
Bi ekintzetarako, aurrez erreserbatu behar da: 943 45 71 88 edo reservas@petritegi.com.