Etzirako jarri du zita, astelehenarekin, Harituz elkarteak, ikasturteko aurreneko zine foruma egiteko. Eta oraingoan, dokumental bat jarriko dute: Mariposas en el hierro, Bertha Gaztelumendik zuzenduta.
Arratsaldeko 16:30etan izango da, kultur etxean, eta bertan egongo da, Gaztelumendi ere. Berak egingo du dokumentalaren aurkezpena, eta ondoren, ikusteko aukera izango dute. Ordubeteko iraupena dauka, eta gazteleraz jarriko dute. 2012 urtekoa da dokumentala.
Dokumentalean, jasotzen dira hainbat indarkeria mota jasan dituzten emakumeen testigantzak: «ideologia eta jatorri ezberdinetakoak dira emakumeak, baina guztiak datoz bat indarkeria gainditzeko nahiarekin, justiziazko etorkizun baketsuari begira jartzeko», aurreratu dute. Euskal Herrian zentratuta dago, baina beste herrialde batzuetako adituen iritziak ere jasotzen ditu dokumentalak, biktimen esperientziak testuinguru zabalago batean kokatuz.
Sufrimendutik esperantzara bidaia, dokumentalak
Testigantzen bitartez, «sufrimendutik esperantzara bidai bat» bezala planteatzen da dokumentala; «su eta burnitik itsasora, askatasunaren horizonte bat bezala ulertuta».
Bidaia horretan, merkatuetan geldialdiak egiten dituzte, akordioak lortzeko; zubiak zeharkatu aurrez aurre dauden bazterrak elkartuz...