Kabareta ekarriko dute Astigarragako kultur etxera, ikasturteko aurreneko antzerki saioan. Txarriboda antzezlana eskainiko du Hika Teatroak, datorren larunbatean, iluntzeko 20:00etan hasita.
Eta sarrerak, astelehenean jarriko dituzte salgai: internet bidez, www.astigarraga.eus web orriko Sarreren salmenta atalean, edota kultur etxean bertan. 6 euro dira helduentzat, eta 3 euro adin txikikoentzat. Egunean bertan ere izango da aukera, kultur etxean, saioa hasi baino ordubete lehenago.
Ezkontza perfektua, aldrebestua
Ezkontza batean kokatuko da antzezlana: bikote perfektua osatzen dute Mireiak eta Imanolek, eta gaur ezkondu dira. Patxi Bilbaok, Mireiaren aita eta Ipertrolako handi-mandia denak, antolatu du ospakizun gala: «gaur, txerrien antzera, jan, edan eta dantza egitea nahi dut!», egingo die harrera gonbidatuei. Baina denak han daudela dirudienean, Txusa azalduko da, gizon baten gorputzean bizi den emakumea, eta Imanolen aitaren azkeneko bikotea, hura hil zen arte. Mireiak gonbidatu du, aukera polita iruditu zaiolako, Imanolek Txusa hobeto ezagutu eta aitarena gainditzeko.
Baina ezusteko horrek, eta beste hainbat sorpresak, hankaz gora jarriko dute dena, eta kolokan ospakizuna...