Urumea ibaiak Fagollagara iristean daukan bihurgunean zabaltzen da kanala, ura Fagollagako zentral hidroelektrikora bideratzen duena. 1928az geroztik dago martxan, eta aurreko jabeak erretiratzekotan zirela-eta, zentralarekin zer egin aztertzen hasi zen Ereñotzuko Auzo Udala 2016an. «Irabazi haundirik ematen ez bazuen ere errentable izaten jarraitzen zuela» ikusi zuten, eta geldirik geratzea, berriz, «arazoa izan zitekeela, ondarea kaltetu zitekeelako eta ibai bazter guztia, udarako erabileraren ondorioz, zikinkeria gune nabarmena bihurtu zitekeelako». Hernaniko Udalarekin hitz egin, eta zentralaren ardura Goienerrek hartzeko aukera aztertu zuten. «Gure ustez, Hernaniko Udalarentzat eta Ereñotzuko Auzo Udalarentzat irtenbide egokia izan da Goienerrek zentralaren ardura hartzea», azaldu du Imanol Lizeaga, Auzo Udaleko alkateak.
Ekainean eskuratu zuen zentrala ustiatzeko kontzetsioa NafarKoop-ek, Goiener Taldea atzetik duela. Goienerrek «energiaren kontsumo arduratsu eta iraunkorra bultzatuzea» du helburu. Horretarako, iturri berriztagarrietatik lortutako energia merkaturatzen du, eta energia hori ekoizteko NafarKoop kooperatiba sortu du. «Uztaila hasieratik gaude hemen», dio Jokin Castaños, bertako langileak, «eta %40an izan dugu martxan, emaria errespetatu behar zelako, baina era berean, gutxieneko fakturazio bat lortzeko. Abuztuan eta irailean geldirik egon gara, eta espero dugu hilaren bukaeran hastea. Ikusiko dugu nola datozen euri kontuak!».
Francis eta Kaplan, lanerako prest
Euri denboraldia hasteko zain daude Fagollagan. Ordurako prest egoteko, ordea, aurrena garbiketa lanak egin dituzte. «Emaria jaisten denean zikinkeriaz beteta agertzen da kanala», azaldu du Jose Angel Arizmendik. Zentralaren aurreko jabeek eskatuta hasi zen inguruak zaintzeko lanean, «auzolanean bezala», mantentze lanetarako, ur kolpea etorriz gero zentrala gerarazteko... Eta berarekin jarraitzeko asmoa daukate Goienerren ere.
«Gure energia propioa sortu behar dugu, ahalik eta era lokalenean. Ezin dugu zentral haundietan oinarritu, gero autopista elektrikoak egon daitezen»
Kanala garbituta, bi turbinak ere prest dauzkate. «Bost metroko putzua urez betetzen da, eta depresioz, ura beherantza dijoanean, turbinaren palak mugitzen ditu, eta horrek beste aldean dagoen generadorea birarazten du. Uraren pilaketak sortzen du indarra. Horrek sortzen du energia. Errota bat bezala da, baina mekanikoa», azaldu du Castañosek. Beste gelan dagoen generadorea birarazita, energia sortu eta transformadorera bidaltzen da, gero, sare elektrikora pasatzeko.
Depresioz funtzionatzen duena Francis turbina da, eta 100 kilowatt-orduko potentzia dauka. «Urtean eman ditzake 450 megawatt-orduko; gutxi gorabehera, 150 etxebizitzetarako urte osoko energia».
Dena den, ibaiaren ur emaria ehuneko ehunean dagoenerako da hori. Emaria txikiagoa denean, Kaplan turbina jartzeko aukera dago. Honek, «80 kilowatt-era arte eman dezake», eta aspirazioz funtzionatzen du.
Eguzkirekin elkarlanean, ingurugiroaren alde
Ur emaria zaintzeari, hain zuzen, garrantzia haundia ematen dio Goienerrek. Eguzki ekologista taldea kezkatuta azaldu zen uda hasieran, Goienerrek Fagollaga eskuratu zuela jakitean. Baina Castañosek dio «biltzekoak» direla, eta Eguzkirentzat bezala, Goienerrentzat ere, «garrantzizkoena, aurrena, ekosistema mantentzea» dela, «ingurugiroarekin bat baikatoz».
Fagollagako zentrala ustiatzeko kontzesioa 2062 urtera arte dauka Goienerrek; uste du «ordura arte gauzak hobetu daitezkeela», eta horretan ari da, «batez ere, arrainen bizitza hobetzen. Ibaiari edozein oztopo jartzeak kalte egiten dio faunari. Hain zuzen, zentral honek badauka arrain eskala bat, Foru Aldundiko teknikariek onartua, eta uste dugu hobetu daitekeela. Eskala horretan sei apal daude, eta horietan ezin da korronterik sortu; atsedenlekua izan behar dute gora datozen arrainentzat». Horri konponbidea bilatzeko arkitektoekin lanean ari dira, dagoeneko, eskalak txikitzeko.
«Urtean eman ditzake 450 megawatt-orduko; 150 etxebizitzetarako urte osoko energia»
Beste erronka, zentrala automatizatzea da, ur emariaren arabera erregulatu ahal izateko. Horretarako dauzkate, baita ere, bi turbina. «Biak batera ezin dira erabili, emariaren kontzesioan muga dagoelako: 4.500 litro segundoko baimena daukagu, eta kanalak berak ere ez du gehiagorako ematen. Emari haundiarekin bat, eta txikiarekin bestea erabiltzen ditugu, beti, 1.600 litro segunduko emari ekologikoa errespetatzeko. Emari ekologikoak adierazten du presaren gainetik mantendu behar den ur emari iraunkorra, gutxieneko horrek bermatzen duelako jaisten diren arrainak pasa daitezkeela. Hemendik Ereñotzuko zentralera arte ibaiaren ordukako datuak jasotzen dira, eta horren arabera erabakitzen da zein turbina jarri martxan eta nola. Hori da automatizatu behar duguna; jakitea zein diren datuak, eta horren arabera, guk emariaren %60 edo 40 erabiltzea».
Automatizaziorako egokitze lanak datorren udaran egitea aurreikusten du Goienerrek, eta ordura arte, orain arte bezala jarraituko du ekoizten. Euri mailaren arabera geratuko dute, hilabete batean edo bestean, eta bi hilabete beharko dituztela uste dute, automatizatzeko. Ordura arte arrain eskalaren hobekuntza diseinatu ere egingo dute. «Gure energia propioa sortu behar dugu, ahalik eta era lokalenean. Ezin dugu zentral haundietan oinarritu, gero autopista elektrikoak egon daitezen. Horregatik horrelako baliabideak aprobetxatu behar direla uste dugu, baldintzak beteta».
NafarKoopek energia sortu; Goinerrek merkaturatu
Horrekin, zentrala «txikia» dela esan nahi du Castañosek; «ondare industriala mantentzeko, ekologikoki ere ahalik eta bideragarriena izateko, eta helburu dibulgatiboarekin erosi du Goienerrek».
NafarKoop da, Goiener atzean duela, proiektu berriztagarrien kudeaketa egiten duena, hau da, ustiaketa egiten duena; «NafarKoopek egiten du berriztagarrietan inbertitu. Kasu honetan, NafarKoopek ehuneko ehuneko partaidetza dauka Fagollaga S.A.-n, eta honek 2062ra arte dauka kontzesioa». Eta denbora horretan, «ikasi» egin nahi du Goienerrek, «energia hori produzitzen eta merkatuan jartzen. NafarKoopek sortzen duena, kasu honetan Fagollagak, Goienerrek jartzen du merkatuan bi eratara: poolean salduz (haundizkako edo maioristen merkatuan), edo prezio bat Goienerrentzako espresuki egokituz».
Nolabait, autokontsumoa bada helburua. Baina oraingoz, «Goienerren merkatu kuotaren %1era ere ez da iristen», ekoizten dutena. «Kooperatiba izanda, erabiltzaileentzako energia erosten gabiltza, eta orain, produkzio unitateak erosten hasi gara. Ideala da produzitu ahal izatea kontsumitu beste, prezioa egokitu eta ahalik eta bidezkoena izateko. Baina zaila da gure unitate produktiboen bitartez lortzea urteko 100 edo 60 megawatt-orduko produkzioa».
Horregatik, Goienerrek energia erosi eta saldu egiten du, berriztagarriak diren produktore txikiengana jota. «Orain arte merkatura joan gara erostera, baina orain, zuzenean ekoizlearengana joaten gara, eta erabiltzaileei saltzen diegu. Kontran dagoena da, badaudela koste fijoak, kooperatibaren biziraupenerako. Eta noski, peaje edo bidesariak ordaintzen jarraitu behar dugu, sare elektrikoa, banatzailearena erabiltzen jarraitzen dugulako. Baina zure energia saltzeko bi aukera dauzkazu: merkatura jotzea, edo nire kontsumitzaileei zuzenean saltzea, eta hori egokitzea da gure asmoa. Gure helburua da %100 energia berriztagarria saltzea, baina merkatutik beharrean, ekoizleengandik».
Dena den, oraindik merkatutik erosten du Goienerrek energia gehien, Fagollaga bezalako produkzio unitate propio gutxi dituztelako.
Oñatiko ur-jauziak ere bai
Horretan aurrera egiten ari dira, hala ere. Fagollaga eskuratu duten bezala, Oñatiko ur-jauzien %10 eskuratzekotan ere ari dira. «Fagollaga erosi orduko, finantzazio iturri berritzailea erabili genuen; hipotekatu gabe, gure sareari zabaldu genion kapitala uzteko iturria. Leihoak zabaltzen ditugu proiektu bakoitzeko». Fagollaga eta I-Ener (Iparraldean proiektu fotovoltaikoak finantzatzeko proiektua) finantzatzeko egin zuten hori, eta orain, abendura arteko epea dago Oñatiko ur-jauzietarako behar den 500.000 euroko kapitala eratzeko. «Leihoaren kopuruaren %2 baino ezin da eman, gehienez. Horrek dakarrena da, 10 urtean bueltatuko dela kapital horren aportazioa, eta gainera, errentagarritasunarekin».
Oñatiko ur-jauzietan ia bost megabyteko potentzia dago instalatua, «Fagollagan baino dezente gehiago. Sortzen ditu 14 gigawatt-orduko urtean. Hori da Goienerrek 2017an kontsumitu duen %30».
Energia berriztagarrien aldeko bazkide, 100 eurorekin
Nor da, ordea, Goienerreko kontsumitzailea? Edonor izan daiteke. Etxeko hornidura ere kontratatu daiteke Goienerrekin, «beste merkaturatzaileekin bezala». Kooperatiba denez, kooperatibista egin behar da 100 euroko ekarpena eginda. «Gero, prezioak merkatuaren arabera zehazten ditugu, baina hobetu ditzakegu, %100 berriztagarriak diren ekoizleengana joanda, prezioak negoziatzera».
Egun, dagoeneko 9.000 bazkide inguru dauzka; 200dik gora, Urumea bailaran, eta 11.500 kontratu kudeatzen dituzte.
Eta horretan segitzen dute. Energia berriztagarria lortzeko beste modu bat dira plaka fotovoltaikoak edo eguzki plakak. Orain gutxi aldatu berri da legea gainera, eta ‘eguzki zerga’ izenez ezaguna kendu da. Beste hainbat aldaketa ere ekarri ditu, eta aztertzen ari da Goiener. Guztiarekin, «instalazioaren amortizazioa hobetzea» lortu daitekeela dio Castañosek, eta kooperatibako bazkide den enpresa bateko pabilioi baten teilatua plakak jartzea aztertzen ari da. «Zertarako jarri baratza fotovoltaikoak, pabilioi industrialak josi badaitezke plakaz?».