Obren saileko hainbat esleipen egin ditu Udalak, azkeneko egunetan, eta hori horrela, konponketa lanak egingo ditu datozen asteotan, herriko zenbait puntutan, azaldu duenez.
Horrela, asfaltatze lanak egingo dituzte laster, bi tokitan: Bidebitarte poligonoko zati batean, eta Txoritokieta bidean, hilerrira igotzen den zatian. Aurreikusi dute, bi obrak bukatuta egotea azaroaren 1erako; Santu Guztien Egunerako, hain justu. Eta azaldu dute, Asmatu enpresak egingo duela memoria teknikoa, «kontratuen lege berriak eskatutakoaren arabera».
Santiomendi auzoan ere egingo dituzte lanak. Izan ere, azterketa bat egitea eskatu diote Endara enpresari, auzoko asfaltoa eta urak drainatzeko sistema hobetzeko.
Galibo bat jarri dute Errekatxo kalean
Bestalde, «auzoko bizilagunen eskaerari erantzunez», galibo bat jarri dute Errekatxo kalean. Aurreko astean egin zituzten neurketak, eta aste honetan jarri dute.
Eta azkenik, Udalak aurreratu du, seinalizazioa hobetu nahi duela, bai landa eremuan, eta baita herriaren erdigunean ere. Horretarako, inbentario bat egingo dute, egoeraren diagnostikoa zein den ezagutu ahal izateko. Eta horren arabera, pixkanaka joango dira gero, zonalde bakoitzeko seinalizazioa hobetzen.