Urtebete da Arantzak Oteagi edarietxea ireki zuela, Andre Kaleko 33an, eta orain, Daniel eta Nohelia batu zaizkio taldera. Izan ere, ardo bereziak dastatu eta erosi baino gehiago egin daiteke Otaegi edarietxean; aurrerantzean, osasun eta edertasun terapiak ere jaso ahal izango dira bertan.
Aparteko ardo dastaketa gidatuak
Egunerokoan bertaratu eta hainbat ardo dastatzeko aukera izaten da Otaegin: Argentina, Txile, Kalifornia, Sizilia, Hego Afrika, Frantzia... Nazioartekoak eta bertakoak, egunerokorako aproposagoak batzuk, eta askoz ere bereziagoak beste batzuk: Otaegirako esklusiboak direnak eta beste tabernetan topatuko ez direnak, edota beganoak, esaterako.
Ardoak dastatzeko aukera egunero izaten da, eta horrekin batera, bertan saltzen diren jaki berezi eta goxoak ematen dituzte probatzeko. Baina dastaketa pribatuak, gidatuak ere egin daitezke, hitzordua eskatuta, Otaegiko geletako batean: «bezeroak eskatu dezake zein jaki probatu, eta horrekin zein ardo probatu gomendatzen dugu, edo alderantziz; ardoak aukeratu eta nola maridatu gomendatzen dugu. Zer edaten ari den azaltzen dugu, zein mahats motakoa den...».
Spa terapiak eta nutrikosmetika
Ardoarekin, ordea, dastatu baino gehiago egin daiteke, eta horregatik, beste gela batean spa aretoa jarri dute, dutxa eta guzti. Nohelia eta Daniel ariko dira bertan erlaxazio masajeak, terapeutikoak eta erreduktoreak ematen.
Gorputz osoko terapiak, burukoak edo oin eta eskuetakoak jaso daitezke. Ardoterapia, esaterako, azalaren zahartzearen kontra da ona. Baina horrez gain, kosmetika berezia ere saltzen dute: zirkulaziorako, barizeetarako... «Sagarrarenak ere badauzkagu, eta onak dira azala eta buru-azalerako, orbanak leuntzeko, zauriak ixteko...». Nutrikosmetika izarrak, hala ere, reishi onddodunak eta ganoderma belardunak dira. «Laborantza biologiko eta organikoaren bitartez lortzen dira, eta lehortze prozesua tenperatua baxuan egiten da, propietateak mantentzeko». Aurpegiko garbiketak ere egiten dituzte produktu horiekin, aknearen edota zahartzearen kontra, eta erlaxazio masajeetan produktu horiekin egindako teak ere dastatu ahal izango dira, eta gustatuz gero, salgai ere badauzkate.
Hitzorduak, asteazkenetatik igandera
Otaegiko ardo edo jakiren bat dastatu eta erosteko nahikoa da bertara gerturatzea. Terapiaren bat edo dastaketa gidatuak egiteko, berriz, harremanetan jarri eta hitzordua zehaztea da onena; asteazkenetik igandera irekitzen da. Dena den, guztia ezagutzeko aukera izango da irekiera festan, urriaren 27an.